Aurrera Alegiako taldekideak urteetan ibili dira -EAJren eskutik- herritarrak atez ateko zabor bilketaren sistemaren kontra jartzen. Indar handia jarri dute horretan. Antzekoa gertatu da beste zenbait herritan ere, atez ateko sistema ondo gauzatuz gero, Zubietako erraustegia jartzen baitzuen zalantzan.
Luze mantendu duten liskar honekin amaitzeko, Alegiako EH Bilduk zabor bilketa sistemaren inguruko galdeketa egin zuen herrian, eta herritarrek baztertu egin zuten atez ate biltzeko sistema. Baina gaur-gaurkoz, nik behintzat ez dut hobekuntzarik ikusi. Jarri berri dituzten edukiontzietatik kanpo metatzen den mota guztietako zabor pila ez baita broma makala. Eta edukiontzi bakoitzari egokituko litzaiokeena errespetatzen dela inork uste badu, oker dabil. Ikusi besterik ez dago. Susmoa daukat EH Bilduri pultsu bat irabaztea zela apustua, zaborren arazo latz hau behin betiko konpontzea baino.
EH Bilduko militantea ez naizen arren, esan behar dut honek herritarren borondatea errespetatu egin duela, galdeketa eginez eta emaitza gauzatuz. Aldiz, Aurrera Alegia Plataforma babesten duen alderdiak (EAJ) ez du erreferendumez inoiz mintzatu nahi izan, ez Abiadura Handiko Trenaren inguruan ezta erraustegiez aritzean. Dena inposaketak eta desjabetzeak izan dira, inongo galdeketarik eta eztabaidarik gabe. Alegian bertan, Aurrera Alegiari ez diot sekula entzun AHT-aren obrak Alegiako naturan sortutako txikizioaren eta alegiar bakoitzari xahututako diruaren kontra kexatzen. Euren aldarrikapenetan ez dute inongo galdeketaren eskaerarik egin.
EH Bilduko idazki batean, Aurrera Alegiakoei «ausardia» eskatzen zaie, mozorroa ken dezaten, eta atzetik duen alderdiaren siglekin aurkez daitezen. Alferrik, ez baitute kenduko. Azken finean, Aurrera Alegia hor dago EAJ atzean duelako. Eskualdeko beste hainbat herritan bezalaxe, EAJ siglak ustelkeriarekin, adiskidekeriarekin, influentzia-trafikoarekin, irabazi-komisioekin, ate birakariekin… lotzen dira.
Horregatik, herri txikietan Aurrera Alegia herri plataforma bezalako «marka zuriak» sortzen dituzte eta erdi-klandestinitatetako bileretan prestatzen dituzte euren kanpainak, ekintzak, programak... Baina horretan ere ez dira finak; azken batean, Alegia txikia da.
Beraz, botoa ematerakoan -botoa eman behar dutenek- kontuan har dezagun AHT-aren txikizioa zeini leporatu behar zaion, Osakidetzaren sistema eta adinduen zainketarako zentroak nork pribatizatu dituen eta ari den pribatizatzen, batzuen poltsikoak gizenduz.
Kontuan har ditzagun ere gure izenean eta gure diruarekin Ukrainara bidalitako gerla-materialak, espainiar parlamentuak NATO-ko aginduei men eginez, eta EAJren oniritziarekin. Ez al genuen bada biolentzia oro kondenatzen «venga de donde venga»? Aurrera Alegia plataforma ez dut ikusten ere biolentzia hau sostengatzeko gerlarako material bidalketa kondenatzen edota horren inguruko galdeketa eskatzen.
Ostera, errazago ikusten dut Aurrera Alegiak alkatetza eskuratuz gero, TAO sistema Alegian ezartzea, edota EUDEL-ek -eta ondorioz EAJk- alkateentzako proposatzen dituzten soldatak ezartzea (2.000 biztanlera iristen ez diren herrietan, Alegia kasu, 50.315 euro gordin urtean; hau da, 3.593 euroko 14 ordainketa urtean).
Ez nuke ahaztuko ere Gaztetxearekin bere garaian gertatutakoa. Zeintzuk bota nahi izan zuten, eta herritarren presioari esker lortu ez zutena.
Edota ez nintzateke harrituko Alegiako kiroldegiko kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea; edota Alegian bertan erraustegi bat eraikitzea, edota gaztelania euskararen gainetik jartzea -beren idazkiak adibide-, edota...
Segi nezake horrelako adibide gehiago aipatzen, baina argi utzi nahi izan dut, Aurrera Alegiako balizko «independente» horiek alkatetza eskuratuz gero, herrian eta herritarrok zer nolako aginte-makila izan dezakegun.
Manu Azkarate
Alegia