Test positibo bat, lehen botagurak eta emagin eta ginekologoarekin izan beharreko hitzordu-zerrenda luzea. Haurdunaldiaren jarraipenak bai baititu zenbait mugarri, zeinetan sabelean daramazun haurraren egoera behar bezala aztertzea ezinbestekoa den, aurrera begira. Une horietako bat da 20. asteko ekografia: haurdunaldia lan-erditan dela, haurraren anatomiak izan litzakeen alterazioak eta haren organoak xehetasunez behatzen ditu profesionalak, sor litezkeen arazoak aurreikusteko edo dena behar bezala doala berresteko.
Bada, haurdun zauden edo egoteko asmoa duzun Tolosaldeko emakume* hori: presta zaitez zure haurdunaldiko inflexio-puntu garrantzitsu hori erdizka artatua, aztertua eta behatua izan dadin, EAEko gainerako haurdunei sabelean daramaten izakitxoa behar bezala aztertuko dieten bitartean. Zergatik? Gure ESIaren antolaketak hala eskatuta, behartuta gaudelako, lehen ekografia izan ezik, gainerako guztiak Asuncion klinika pribatuak Belaten duen zentroan egitera, eta une honetan zentro horretan ekografiak egiten ari den profesionalak ekografoan aritzeko homologaziorik ez duelako.
Okerrena da haurdun eta otzan espero gaituztela. Hitzordu-zerrenda eta aldaketa-saldo horren erdian ez dugula tarterik hartuko, sasi-herritar bagina bezala artatuak izaten ari garela salatzeko. Bada, azken hilabeteotan haurdun egon garen eta gauden emakume asko gutun bidez jarri gara harremanetan, bai Tolosaldeko ESIko gerentziarekin, bai Osasun Sailaren delegaritzarekin: egoera azaldu eta gaitzetsi dugu gutun horietan, eta bigarren profesional baten iritzia jasotzeko aukera eskatu, lehen ekografia egin ohi dugun zentroan, Groseko anbulatorioan.
Burokraziaren bideak luzeak eta bihurriak izan ohi dira, ordea, hala komeni denean, eta ia kasu gehienetan berandu eta ezezkoarekin iritsi dira erantzunak. Ez dute haurdunen iraultzatxorik nahi, antza, baina jai daukate. Gure haurdunaldiak gainerako eskualdeetako haurdunenak bezala artatuak izatea lortzen ez badugu, balio beza honek, atzetik etorriko diren guztientzat.
Argi dugu hau harri-kozkor bat gehiago besterik ez dela, eskualde honetan milaka herritar eta TOPA urtetan eta urtetan kemenez urratzen ari diren bidean. Zor publikoa duen klinika pribatua, homologaziorik gabeko medikuak lanean, lan-baldintza negargarriak profesionalentzat… Osasunak bizitza zeharkatzen digu, eta osasuna oraindik munduratzeko dauden bizitzetaraino ere iristen da; ez dugu hori defendatzea beste aukerarik. Ez gara bigarren mailako haurdunak.
Laida Agirre Zipitria eta Itzea Urkizu Arsuaga
Tolosa