Gutuna

Gerra eta basakeria kapitalista gelditu

Erabiltzailearen aurpegia Asier Aierbe, Kontseilu Sozialistako kidea 2023ko apirilaren 13a

Azkenaldian indarra hartzen ari den gai bat landuko dut gaurkoan. Urtebete baina gehiago igaro da Ukrainan gerra lehertu zenetik, eta gertaera honen zein utzitako ondorio ezberdinen inguruan idatziko dut. Gertaera guzti hauen hasiera ordea lehenagotik dator.

AEBetako oligarkiak 2014an Ukrainan estatu kolpe bat eman ondoren Errusia militarki inguratzeko saiakerak astindu zuen egoera. Ondorioz, Errusiako klase kapitalistak esku hartze militarra abiatu zuen, bere pisu geopolitikoa eta merkatuetako posizioa arriskuan ikusi baitzituen. Kapitalisten arteko tentsio militarra gorantz doa langileak lubakietara masiboki bidaltzen ari diren bitartean, eta ezin da jakin zer gertatuko den, baina ez du batere itxura onik. Argi dagoena zera da: mendebaldeko zein ekialdeko sektorerik xumeenak izango dira kaltetu nagusiak.

Egoera honi erantzunez gastu militarrek gora egin dute, eta honek zuzenean dakar langileriaren ongizatera bideratutako gastuaren murrizketa. Baina hori gutxi balitz, oligarkia egoera hau baliatzen ari da bere poltsikoak betetzen jarraitzeko, izan zuzenean armagintzako enpresen bitartez edota energia, elikagai edo hainbat oinarrizko produkturen prezioen gorakadarekin. Gerra aitzakia bezala jartzen duten bitartean, enpresa handi hauek irabaziak handitzen jarraitzen dute.

Oligarkiak bultzatutako estrategia honen ondorioak langileriaren bizkarrean ari dira pilatzen, Energiaren garestitzea, oinarrizko produktuen garestitzea, inflazioa… guzti honekin langileriak bildu ahal zituen aurrezki gutxiak jaten ari dira, eta geroz eta baldintza miserablegoetara kondenatzen. 

Honekin, kapitalisten gerra inperialistari nire gaitzespena erakutsi nahiko nioke, eta NATO seinalatu, guzti honen erantzule nagusi izanik, bere estrategia inperialista zein gerra propaganda estrategiarekin. Eta azkenik, egungo gobernua osatzen eta babesten duten alderdi guztien kolaborazioa seinalatu nahiko nuke. Horregatik, pasa den asteburuan mobilizatu gara Kontseilu Sozialisten deialdietan, NATOren aurka egiteko eta gerra eta basakeria kapitalista gelditzearen aldeko aldarria zabaltzeko.

Asier Aierbe
Kontseilu Sozialistako kidea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!