68ko maiatzetik aurrekaririk ez duten egun historikoak ikusten ari gara. Macron eta bere Gobernuak, erretreten erreforma dekretu bidez ezarri eta errepresio bortitza erabili arren, ez da gai inolaz ere langile klasearen irmotasuna apaltzeko. Aitzitik, azken egunetan borroka indartu eta sakondu egin da, eta jo puntuan ezarri du, Macron bera ez ezik, baita instituzionaltasun burges osoa ere.
Krisi iraultzaile baten berezko ezaugarriak garatzen ari dira. Poliziaren eta manifestarien arteko talkak orokortu egin dira, baita barrikadak, fakultate eta lizeoen okupazioak eta polizia etxeen aurreko protestak ere, atxilotuak askatzeko eskatuz. Langileek ekintza zuzenera jo dute ekonomia blokeatzeko eta mobilizazioak erraldoiak izaten ari dira. Gobernua isolaturik dago eta ultraeskuina guztiz paralizaturik. Buruzagitza sindikalak gainezka eginda daude eta langile klaseak eta gazteriak, azkeneraino iristeko irmotasunez, geroz eta konfiantza handiagoa du bere indarrean eta arrapaladan ari da aurrera egiten kontzientzia antikapitalistan.
Ez dago atsedenik kaleetan. Altxamenduak aurrera egin ahala, indar errepresiboen eta banda faxisten jarduna ere gogortzen ari da, poliziarekin eskuz esku jardunez grebalariak, ikasleak eta manifestariak erasotzen. Era berean, agerian geratu da «eskuin moderatuaren» iruzurra. Hain zuzen ere, Macron da eskuin muturraren altzoan babesten eta bere jarduna eurekin hitzartzen ari dena. Le Pen grebak eteteko deiadarka ari da eta Zemmour bere talde faxistak bidaltzen ari da poliziarekin kolaboratzera. Guztiak daude elkarturik ordena eta jabetza kapitalista defendatzeko.
Frantziako Estatuko langile klasea zerua asaltoz hartzen ari den bitartean, benetan deigarriak dira isiltasun garratza eta Intersindikaleko buruzagien adierazpen epelak. Kasu nabarmenena Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiarena da. Manifestarien indarkeria gaitzetsi du, gobernuaren propaganda lotsarik gabe babestuz eta poliziaren indarkeria bortitza zurituz. Macroni erretreten erreforma «pausatzeko» eskatu dio: «entzuteko eta hitz egiteko denbora tarte bat, non erretreten erreforma etenda utz dezagun».
Orain behar duguna ez da pausa, ezta entzuteko tartea ere. Mobilizazioa sakondu eta gogortu behar da erretreten erreforma eta Macronen Gobernua azpiratu arte. Sistema kapitalista bera da auzitan dagoena, hots, begien aurrean garden-garden agertzen den eta legitimitaterik ez duen bankarien eta enpresari handien diktadura basatia. Eurak eta Macron buru duen Gobernua dira erreforma honen aldeko bakarrak, langileen %93ren errefusaren aurrean.
Une erabakigarri honetan, langileen eta ikasleen mugimenduaren antolaketa areagotu behar da. Asanblada iraunkorrak eta ekintza-batzordeak orokortu behar dira herriz-herri lantokietan eta ikastegietan. Lantegiak, enpresak, unibertsitateak eta lizeoak okupatu behar dira, 68ko maiatzean bezala, ekintza iraultzailearen eta demokrazia parte hartzailearen gune bihurtzeko. Eta asanblada horiek estatu-mailan koordinatu behar dira, herri eta langile boterearen organo bihurtzeko, Frantziako Estatuaren eraldaketa sozialistaren alde argi eta garbi borrokatzeko.
Horixe da, hain zuzen ere, sindikatuetako eta ikasle mugimenduko ekintzaileek, Frantzia Intsumisoko militanteek, gizarte mugimendu eta kolektiboek eta iraultzailetzat aldarrikatzen garen erakundeek bete beharreko zeregin nagusia. Fronte bakarra eraiki behar da kaleetan borroka bultzatzen eta erradikalizatzen ari diren guztiekin, eta kaleetan nahiz asanbladetan pazientziarekin azaldu — Leninek eta boltxebikeek behin eta berriz esaten zuten bezala — fronte hori programa iraultzaileaz hornitzeko beharra.
Programa horrek, Ezker Iraultzailekoon ustez, ez du Batzar Konstituziogilera jo behar, ezta errepublika burges berri bat eratzera ere, VI. Errepublika, Melenchonek esan izan duen bezala. Kapitalisten, bankuen eta monopolio handien jabetza auzitan jarriko duen programa behar dugu, langileok sortzen ditugun baliabide izugarriez jabetzen den gutxiengo apur horrekin amaitzeko.
Funtsean, boterearen aldeko borroka dago jokoan, gizarte honetan nork agintzen duen erabakitzekoa, finantzarien eta plutokraten gutxiengo batek ala gehiengo zabalak, langile klaseak. Horrela bakarrik, bankariak eta Parisko burtsan kotizatzen duten enpresa handiak desjabetuz, soluzionatu daitezke pairatzen ditugun gaitz sozial larriak eta erdietsi daiteke langileen benetako demokrazia.
Erretreten erreformaren aurkako borrokak berriro gogorarazten digu ez dagoela harresirik eskaera ekonomiko eta politikoen artean, lan-grebak azkar bihur daitezkeela burgesiaren ordena soken aurka jartzen duten greba politiko. Hain zuzen, gogorarazten digute marxismo iraultzailearen printzipioen gaurkotasuna, komunismoaren pentsalari handien (Rosa Luxemburgo, Lenin eta Trotsky) ideien indarra eta greba orokorrak tresna iraultzaile gisa duen balio izugarria. Frantziako Estatuan mundu osoko langileen kausa dago gaur jokoan. Bertako langileen eta gazteen garaipen batek, bidea irekiko lieke Europa osoko eta kontinente guztietako masei, sistema gupidagabe honekin amaitzeko.