Gutuna

'Irati' filma, espainolez?

Erabiltzailearen aurpegia Joxi Imaz eta Mireia Roca 2023ko martxoaren 2a

Asteak eta hilabeteak Irati pelikula ikusteko zain egon ondoren, otsail amaieran izan genuen aukera.

Oso tarteka estreinatzen diren euskarazko pelikula horietako bat ikustera gindoazen, hau gainera orain arteko euskal pelikulen artean aurrekontu handiena duena, kritika onak jaso dituena, euskal mitologiari buruzkoa...

Otsailak 26, igandea, 19:30eko emanaldia, asteko jendetsuena Leidor zineman... ze sorpresa, pelikula hasi eta erdaraz! Gu behintzat ez ginen aurretik ohartu (ATARIA-n ikusi genuen ordua, han abisurik ez, sarrerako kartel handietan ere ez...). Gure ilusioak zapuztuta! Ze pena! Euskarazko film batek inoiz izan duen estreinaldi arrakastatsuena, eta guk espainolez ikusi behar Tolosan!

Nork hartu zuen erabaki hau? Ze irizpiderekin? Euskal Herriko eskualde euskaldunenetako batean emanaldi jendetsuena espainolez, euskaraz grabatutako pelikula batean, azpidatziak dituenean gaztelaniaz, eta Tolosatik pasatzen diren pelikulen %99 erdaraz izaten direnean? Eta udalak kudeatzen duen zinema batean? Ez dugu uste hau denik euskara sustatzeko biderik hoberena...

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskaraz ekimenak aste honetan bertan eman dituzten datuen arabera, 2022an hegoaldeko zinema emanaldien %2 baino gutxiago izan ziren euskaraz (jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskarazko azpidatziekin); gazteleraz ordea, film guztiak ikusi ahal izan ziren. Herritarren oinarrizko eskubideak mugatzen dira horrelakoetan.

Ea horrelako kexek balio duten hurrengo euskal pelikula Tolosan euskaraz proiektatzeko.

Joxi Imaz eta Mireia Roca
Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!