Gutuna

Gauzak argitze aldera

Erabiltzailearen aurpegia Antton Izagirre, Silvana Ostiza, Benja Arregi, Begoña Aldalur, Nekane Eizagirre,  Gotzon Lopez, Aitor Iztueta eta Iñaki Elduaien 2023ko ots. 10a, 11:57

DV egunkarian, otsailaren 5ean argitaratutako alean, duela 20 urte gertatutakoa gogorarazten zuen aipamen bat dator, gaur egun Tolosan  eta inauteri bezperan, puri-purian dagoen gai batekin lotura zuzena duena, txosnak, alegia.

Aipamen horretan esaten da garai hartako oposizioko alderdiek Tolosako udal gobernua kritikatu zutela, txosnak Euskal Herria plazan jartzeko erabakia hartu zuelako, eta erabaki hura alde bakarrekoa izan zela, txosnazaleekin bakarrik adostu zela, beste alderdiekin eta bizilagunekin kontsultarik egin gabe.

Argitaratutako oharrak berez ez du atentzio handiegirik merezi, baina bertsio bakarra ageri denez (garai hartako oposizioarena) orduko gobernu taldeko kideok gertatu zena gogorarazi nahiko genuke,  batik bat gaur egungo eztabaidan  kokatzeko balio dezakeelakoan.

Lehenik eta behin argitu behar da garai haietan txosnazaleen artean gehienak, denak ziurrenik, ez zutela Euskal Herria plazara joan nahi, Plaza Berria nahiago zuten, aurreko urteetan hura izan baitzen kokagunea eta erreferentzia zelako jada. Orduan ere eztabaida franko izan zen.

Euskal Herria plazara aldatzeko ideia ez zen hutsetik sortu, Plaza Berrian zaharberritze obrak egin eta gero, bertako bizilagunen eskaerari erantzunez, txosnagunea lekuz txandakatzeko proposamena egin genuen, Plaza Berriko biztanleek denbora baitzeramaten inauterietan festa gune batek etxe azpian dakartzan eragozpenak jasaten, eta aldaketa eskatu ziguten.

Txosnak Euskal Herria plazara mugitzeko, txosnazaleekin ez ezik, bertako bizilagunekin eta garai hartan bertan kokatzen zen zahar egoitzako arduradunekin ere hitz egin zen. Neurri zehatzak adostu ziren eragile guztiekin, ez zen inondik ere alde bakarreko erabakia izan.

Udaleko Jai Batzordeko aktak esaten ari garena egiaztatzen dute. Erabaki haietan alderdi politikoak ez ezik, txosnen ordezkariak eta bizilagunak ere parte hartzen zuten. Esate baterako, Alondegian ere jarri ziren txosnak urte batean gutxienez. Bada, kokapen hura erabaki baino lehen, udal ordezkariek Ertzaintza eta Justizia Saileko ordezkariekin ere bildu behar izan zuten.

Laburbilduz, eta kasu honetan atzeak erakusten duenez nola dantzatu aurrea, txosnak lekuz aldatzearena ez da gauza berria eta txandakatzeari egoki deritzogu, auzotarrek merezi baitute errespetu bat eta tarteka atsedena ere bai. Ulergarria da txosnazale batzuek izan dezaketen beldur edo zalantza hori, aldaketaren aurrean. Baino guztion eskakizunak eta interesak aintzat hartuz denok egokitzeko ahalmena izan beharko genuke.  

Hasieran ia inork ez zuen Euskal Herria Plazara joan nahi eta orain, berriz, askok ez dute handik atera nahi. Duela 20 urte ez genuen sinetsiko...

Bukatzeko, eta oker guztiak zuzentze aldera, Euskal Herritarrok taldekoek osatzen genuen  gobernu talde hura.

Antton Izagirre, Silvana Ostiza, Benja Arregi, Begoña Aldalur, Nekane Eizagirre,  Gotzon Lopez, Aitor Iztueta eta Iñaki Elduaien, Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!