Egoera honen larritasunari buruz aritu gara denbora luzez Tolosaldeko Itaiatik eta gaurkoan, gaiak duen urgentzia lehen lerroan jarri nahiko genuke, honen aurrean antolatzearen beharra azpimarratzearekin batera.
Ukituak, keinuak, mehatxuak, jazarpena, bortxaketak... askotarikoak dira errealitate kapitalistaren baitan kultura matxistak hartzen dituen adierazpenak, eta Itaiatik horiek identifikatu eta aurre egiteko proposamenak garatzen dihardugu. Zentzu horretan sortu genituen bai Tolosan eta baita Ibarran ere indarkeria matxistari aurre egiteko asanbladak, gaiaren urgentziaren aurrean, antolakuntza propioaren bitartez, indarkeria matxistari aurre egiteko bitarteko eraginkorrak sortzea helburu dutenak. Azken hilabeteetan eskualdeko emakume ugari bildu gara eta norabide horretan egindako lan eta konpromiso militantearen emaitza dira Inauteri hauetan martxan jarriko ditugun baliabideak.
Batetik, jai-giroan ematen diren eraso matxistei erantzungo dien protokoloa, aholkularitza juridikoa, babes psikologikoa eta salaketa publikoa barnebiltzen dituena, besteak beste. Erasoa jaso duenari uneko erantzuna emateaz gain, ondorengo egun, aste edo hilabeteetan beharrezkoak izan daitezken baliabideak eskainiko dizkiogu. Harremanetarako telefono zenbaki bat izango dugu eskuragarri festa egun guztietan: 624 59 40 97.
Bestetik, erasoen artatzeaz haratago, hauen prebentzioa helburu izanik, etxerako bideak sortu ditzakeen arrisku eta beldurren aurrean, etxeratze kolektiboak antolatu ditugu. Ostegun gizenean, Zaldunitan eta Astelenitan 01:00ean eta 04:00etan Zerkausian bilduko gara Tolosako auzo ezberdinetara eta Ibarrara elkarrekin eta modu seguruan itzultzeko.
Jai-giroko erasoen aurrean proposamen ezberdinak aurkitzen ditugun honetan, guk argi daukagu antolakuntza propioa eta lan militantea direla egoera larri honi aterabidea emateko bidea. Zentzu honetan, instituzioek arazo honen aurrean martxan jarritako erremintek hutsune nabarmenak izateaz gain, argi izan behar dugu ez dutela emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza gainditzeko borondate errealik. Honen aurrean gure kabuz ekitea besterik ez dugu. Hortaz, lerro hauek probestu nahiko genituzke Tolosako (eta orokorrean eskualdeko) emakume langileei antolakuntzarako deia zabaltzeko.
Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu gure jarduna ez dela mugatzen protokolo baten aplikaziora edo egun zehatzen dinamiketara, gure konpromisoa haratago doa eta indarkeria matxistaren funtzioen eta honen erroaren inguruan hausnartzen dihardugu. Izan ere, egoeraren larritasunak argi uzten du horrelako bitartekoak sortzearen beharra, emakume langileok gure segurtasuna bermatzeko eta erasoen aurrean erantzun eraginkorrak gauzatzeko tresna propioak garatzea ezinbestekoa izanik. Baina helburuak ezin du izan erasoak ematen direnean hauei aurre egiteko mekanismoak izatea soilik. Hortaz gain, eraso horiek emango ez diren testuinguru bat sortzea beharrezkoa da eta horretarako, gizarte egitura osoa da eraldatu behar dena. Horregatik, gure tresna, baliabide eta bitartekoak zapalkuntzek lekurik izango ez duten gizarte baten eraikuntzan lerratzen ditugu beste behin.
Indarkeria matxistari aurre egiteko babesa antolatu!
Nerea Santesteban eta Enara Markez, Tolosaldeko Itaia