Gutuna

Ondare karstikoa arriskuan

Erabiltzailearen aurpegia Anjel Navas, Oargiko Espeleologia Taldea 2023ko ots. 3a, 16:00

Gipuzkoarron edo gizateriaren ondare den Lezetxikiko aztarnategia ez omen dago arriskuan. Bada zeozer horrela izatekotan. Baina zer diogu lurrazpiko ondare naturalaz?

Lurrazpiak ezagutzeke geratzen zaigun azken kontinentea osatzen du. Adituen hitzetan, lurraren erraien %70-80a ezezaguna da gizakiarentzat eta bere oparotasuna nagusiki ingurune karstikoetan islatzen da. Kareharria gailentzen den ingurune hauetan, uraren milioika urtetako lanaren eraginez, karstaren barrunbeak gruyère gaztaren egitura hartu dute eta arraila, zulo, koba, leize eta simez osatuak daude. Euri urak lur azpira sartzen dira eta mendiaren erraietatik ezezagunak diren kilometroetako bideak zeharkatu ondoren herritarren artean hain estimatuak diren iturburuetan azaleratzen dira. Horrela, egitura karstikoa gailentzen den lurretan, lur azpiko ur eta lakuak benetako ur erreserbak osatzen dituzte. Gainera, aldaketa klimatikoa dela eta nozitzen ari garen lehorteen ondorioz, bere garrantzi eta estimazioa areagotzen ari da. Zentzu honetan eta urtegietan ez bezala, lur azpiko urek ez dute lurruntzea pairatzen. Naturak eskaintzen dizkigun doako urtegi perfektuak dira. Hau dela eta, baliabide estrategiko eta benetako ondare bilakatu dira. Baina gizakion neurri gabeko garapenak, zulaketak, tunelak... uraren bideak eta irteera puntuak eraldatzen dituzte ondarea arrisku bizian jarriz.

Gipuzkoako karstaren oparotasunaren adierazle garbia fauna troglobioa (kobetako esklusiboa) da. Gipuzkoak 2.000 kilometro karratuko azalerarekin aurkezten duen fauna troglobioaren dibertsitatea, mundu mailako bataz bestekoa baino mila bider handiagoa da. Gipuzkoan 34 familia ezberdinetako 116 espezie troglobio ditugu. Hau gutxi balitz, Gipuzkoako troglobioen %75a “fosil biziak” dira eta 48 espezie esklusiboki Gipuzkoarrak dira. Hau da, gure benetako altxor biziak dira. Milioika urtetan ia ingurune eraldaketarik nozitu gabe bizitu dira. Espezie sentibera hauengan obra handi hauek duten eragina estima ezina da. Baina hipotesi zentzuduna dirudi hainbat espezie ezagutu baino lehen desagerrarazten ari garela. Gipuzkoako biodibertsitatearen ondarea arrisku bizian jartzen ari gara. Gipuzkoako lurrazpiari buruz dugun ezagutza oso mugatua da. Liburu oso bat idazteke zain dugu. Belaunaldietako lana dago. Baina horretarako ondarea modu jasangarrian kudeatu behar dugu. Geure buruari harrika ari garen sentsazioa daukagu.

Ezagutza, ura eta dibertsitatea dira heriotza arriskuan dauden ondareak.

Anjel Navas, Oargiko Espeleologia Taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!