gutuna

Tolosak Zumarditxikia galduko du betiko

Erabiltzailearen aurpegia Kultur arloko 39 herritar 2023ko urt. 25a, 17:59

Azpian sinatzen dugunok Tolosako kulturgile eta kultur eragile talde bat gara eta gure kezka eta ezinegona adierazi nahi dugu Zumardi Txikia zaharberritzeko mahai gainean dagoen proiektuaren inguruan.

Ez gara gu izango erakutsi zaigun proiektu berria auzitan jarriko dugunak teknikoki edo arkitektonikoki. Horretarako dago Tolosako 34 arkitektok sinatutako manifestua, kultur esparrutik hitzez-hitz babesten dugun manifestua, bide batez esanda. Manifestu horretan adierazten diren, eta guk gure egiten ditugun, puntu nagusiak gogoratu nahi genituzke:

  • Zumardi Txikia balio historiko, formal eta funtzional eztabaidaezina duen eremua da, zerbaitegatik eduki zuen Tolosako Udalak bereziki babestua, 2009ko arauetan babesa kendu zion arte.
  • Azken hamarkadatan izan duen aparkaleku erabilerak Zumardia herritarren imajinario kolektiboak ezabatu du: horregatik, aparkalekuak kentzeko erabakia txalogarria iruditzen zaigu, espazio zoragarri bat berreskuratzeko aukera paregabea eskaintzen baitigu. Udalak proposatzen duen proiektuak, ordea, ez digu herritarroi Zumardi Txikiko espazioa berreskuratzeko aukera emango, espazioa desitxuratu egingo da, eta beste zerbait bihurtuko da. Proposaturiko proiektua gauzatzen bada Tolosak Zumarditxikia galduko du betiko.
  • Udalak sustaturiko proiektuak espazioa desegiten du, zatitu, mailakatu; egoteko eta biltzeko espazio bat izatetik zeharkatzeko espazio bat izatera pasako da.
  • XXI. Mendeko Tolosaren beharrei erantzuteko ez da beharrezkoa egungo Zumarditxikia desagerraraztea. Zumardia errespetatuz idatziko litzatekeen proiektuak, dudarik gabe, bete ditzake egungo mugikortasun, irisgarritasun, inklusibitate eta ongizate baldintzak.

Bestalde, kulturgileon aldetik, azterketa kritiko honi beste bi puntu gehitu nahi genizkioke:

  • Kultur ekitaldiak, dantzaldiak, kontzertuak: Proiektu berria ongi aztertu dugu eta ikusten dugu proiektuak proposatzen duen espazioaren banaketak ia ezinezko egingo dituela kultur ekitaldi herrikoiak. Azken urteotan bertan ospatu diren Haragi, Mikologika eta antzerako jaialdi eta kontzertu jendetsu eta parte hartzaileak ia ezinezko bihurtuko dira formatu horretan. Gogoratu, bestalde, gure guraso edo aiton-amonek nola hitz egiten zuten duela ez hainbeste zumardi txikian egiten ziren dantzaldiez. Proiektu honekin inoiz itzuliko ez diren dultze-meneoak...
  • Ondarea: Arkitektoek zioten bezala Tolosako ondarearen zati garrantzitsu bat betiko galduko da. Gure ustez, tranpatia da esatea funtzio berdinak baina XXI. mendera egokituak izango dituela Zumardiak, modernizatuak. Ondare materiala, hor dagoen hori da. Ikusten eta zapaltzen duguna. Hori suntsituz gero, funtzio berdintsuak beteko dituen zerbait eraiki zenezake, bai, baina ondarea galduko da betiko. Eta ez da nostalgia kontu bat. Alde zaharreko hainbat eraikinetan egur bat bera ere mugitzea erabat debekatua dago legez, eta bitartean 2009arte ondare moduan babestua zegoen Zumardia erabat txikitu eta berri bat eraikitzekotan gaude. Ez da ulertzen erraza.

Esan behar da proposatzen den proiektua ederra dela, bai. Eta lan asko dago horren atzetik; ez dugu dudarik egiten. Baina proiektu horren estetikak berdin balio du Tolosarako, Baionarako, Madrilerako edo Berlinerako. Zumardia, berriz, Tolosa da, Santa Klara komentua edo Uzturre bera bezainbeste, eta gainera, tamalez, Gipuzkoan geratzen den Zumardi bakanetakoa, beste guztiak desarrollismo itsuak eraman baitzituen.

Guk ere, arkitektoek dioten moduan, akats historiko bat ekidin nahi dugu. Onartzen dugu, agian manifestu hauek duela bi urte kaleratu izan bagenitu, beste egoera batean izango ginatekeela orain, baina errealitatea da gaur, oraindik garaiz gaudela erabakia atzera botatzeko, alkateak eta zinegotziek azken aldian behin baino gehiagotan errepikatu duten bezala. Proiektua ez dago esleituta, beraz, gera daiteke. Eman dezagun pauso bat atzera. Itxaron dezagun hauteskundeak pasa arte inolako erabakirik hartu gabe, eta atera dezagun gai hau lehia politikotik.

Gure aurrekoei zor diegu, eta etorkizunak eta Zumardiak eskertuko digute, zalantzarik gabe.

Gutun hau sinatzen dute:

  • Literatura, pentsamendua: Karlos Linazasoro, Santi Eraso, Yurre Ugarte Rodríguez, Ramon Olasagasti.
  • Arte plastikoak: Alberto Letamendi, Arantxa Orbegozo Rezola Txitxi, Oihana Ugarte Iriarte, Arantza Munita Irisarri, Miren Atxaga Arnedo, Idoia Elosegi, Miren González Goikoetxea, Josune Oyarzabal Alcorta, Edurne Sudupe Zabalo, Silvia Mateo Orus, Carmen Mateo Orus.
  • Musika: Juantxo Arakama, Enrikko Rubiños, Julen Caminos, Igor Arostegi, Iker Gartzia, Miren Zeberio, Enrike Solinis, Iñigo Asensio Valverde, Ander Zubillaga Artano, Enrique Azurza, Juantxo Zeberio Etxetxipia, Mitxel Longaron, Maddi Arana, Itsaso Etxebeste, Ana Arsuaga (Verde Prato), Isitxo Larrañaga, Ivan Arostegi.
  • Dantza: Garazi Egiguren, Katixa Perea.
  • Kazetari eta aktoreak: Antton Telleria, Iker Galarza, Joseba Usabiaga, Maite Artola, Julen Telleria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!