Egun triste hauetan, baina, sabeleko harra hor aritu zait kosk-kosk: lerrook zor nizkizula zuri, eta baita munduari eta unibertsoari ere, eta idazteko: Zuk hainbeste maite zenuen herriko jendeari ere egiari eta zintzotasunari zor zaion errespetuagatik besterik ez bada ere, zerbait kontatu behar genion.
Baina guztien gainetik zurekiko maitasun azkengabeak bultzatuta ari naiz, zuk erakutsitako bidean: egiten dena egiten dela kariño handiz eta maitasun ordaingabeaz egin beharra dagoela. Bizia eta mina gutxitan egoten direla elkarrengandik aparte zuk zenekien hori ondo asko, baita larrutik jakin ere. Oraintxe nire mina kolore askotakoa dela esango nizuke. Batetik joan egin zara. Eta horrek min egiten du. Nik ama nahi nuen betiko baina hori ezin da, eta yasta. Min horren kolore hori gorrantz apala da. Badaukat, baina, beste kolore bateko beste min bat: hain gauza naturala den zu joate hori, zure heriotza bera, ezin natural bizitzeak eragindakoa, heriotzarekin eta naturarekin zer ikusirik ez daukaten beste eragile batzuek ekarritakoa. Min horren kolorea gris margula da eta mugitu ere egiten da, kea bezala.
Nork entenituko dit ba, zuk baino hobeto mugitzen den gris koloreko min hori zer den? Nork hori guztia larru-larrutik pairatu duenak baino? Zuk dakizu inork baino hobeto azken sei urteotan zu pattaltzen eta autonomia galtzen hasi zinenetik behar ez zenuen eta ebitatzeko oso errazak ziren gauza asko pairatu dituzula eta behar zenituen eta emateko oso errazak ziren oinarrizko gauzak ez dizkizutela eman. Errez esaten da: sei urte.
Azken hilabete eta erdian zu hiltamuan sartuta, pairamen horien goxatzerik eta xamurtzerik ez da izan bat ere, kontrakoa baizik. Mundu justu batean hori egiterik ez litzateke izango.
Zein garbi ikusi ahal izan dugu egun hauetan zure ibilbide guztiaren laburpen mingarria eta bizitza osoan pairamena besterik ekarri ez dizuten indar edo itzal, edo gaitzaren pertsonifikazio berriak igual-igual ari ziren zurekin jokatzen orain ere, bizian bezala heriotzan ere.
Nik txiki-txikitatik ikusi eta jasan dudan hori bera zertzen ari zen hantxe zure hiltamu lazgarri hartan bertsiorik garratzenean, saminenean eta gordinean. Heriotzan bizian bezala.
Egia ere da, denok garela gure belaunaldikoen seme-alabok eta zuenari, batez ere emakumeei, erlijioaren menpeko heziketaren eraginez sufrimenduaren onartze bat tokatu zitzaizuela, zuk zintzo demonio bete zenuena. Baina horren parean sufrimendu horiek sortzeko, egosteko, mamitzeko eta gauzatzeko prest zegoenik ez zaizu inoiz falta izan. Hor ixten zen, zirkulu pozoitsua, zure bizitza pairamenez jositako istorio bihurtu duena azken unera arte. Zu bezalako pertsona batekin horrela jokatzeko ze errai klase egon litekeen giza-larru baten barnean ez da errez ulertzen. Baina hau ez da gure gaia.
Ni zirkulu pozoitsu horretan sartu ez eta erbestea tokatu zitzaidan hemezortzi urte edo nituela. Ondoren etorriko ziren gure zita klandestinoak herriko tabernaren batean ni herrian azaldu eta lagunen baten etxean ostatu hartuta edo telefonoz hitz egiteko egin behar izaten genituen martingalak zu bakarrik zeundela harrapatzeko lasai hitz egin ahal izateko. Ahotsaren alegrantzan nabaritzen zitzaizun bakarrik zeundela. Azken aldi honetan ezta hori ere ez neukan telefonoan, ahotsa ia guztiz galduta zeneukan-eta. Marka da, gero, hainbeste urte pasata oraindik ere erbestean nengoela ikustea eta zure hilzoriko egunotan ere nahiko lan zurekin egon ahal izateko.
Baina listo. Ni beste zerbaitekin gelditzen naiz, ama: izan dena hor da eta hori ezin dute aldatu, egunotan zuk erakutsitako osotasun, zintzotasuna eta apaltasuna ere ez; ezin dute aldatu azken egunetako gure hartu-emana eta are gutxiago eternitate osorako gelditu zaiguna. Mundua haiena dela usteko dute baina unibertsoa ezin dute aldatu.
Hilzoriko azken une haietan eta hil ondorengo zure aurpegierak ez zuen duda handiegietarako tokirik uzten: zure betiko apaltasuna, zintzotasuna eta goxotasuna beren horretan zeuden, bizi guztian ezer gertatuko ez balitz bezala. Bizitzan eta herioan menpeko izan nahi zaituzten horiek ez dute inoiz ulertu egia-egiatan ez zaituztela inoiz menpeko izan. Are gutxiago orain! Esana dago ama, ez etxean ez antzokian inoiz esaten utzi ez didazuna -porlapazunavemaria- esanda dago. Badakit baina orain lerro hauek gustatuko zaizkizuna, baita ziurrenik zure herri matteko bati baino gehiagori ere. Zuk erakutsitako bidetik, kariño handiz eta maitasun erraldoiaz eginda daudelako, zuri zor nizulako.
Orain, lur zaren honetan, fokuak itzali, antzokitik jaitsi eta korrespondentzia intimitatera eramango dugu berriro ere, hala arituko gara eternitate osoan, guztiak lur, ur edo elur izan arte. Adiorik ez, ama!
Iñigo Aranburu
Tolosa