Gutuna

Tolosako Udalak entzungor jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Etxaburua Urkola (Tolosako Txozna Batzordea) 2023ko urt. 12a, 07:58

Hilabete eskas falta da Tolosako Inauteriak hasteko, eta Tolosako Udalak oraindik entzungor jarraitzen du. Tolosako Txozna Batzordetik salatzen jarraitzen dugu, Tolosako Udalak, hilabete baten faltan Plaza Berrian Txozna jartzeko inolako proposamen errealik ez emana, eta eman diguten proposamen bakarra, kalteak ekartzen dituen eta inolako zentzurik ez duen proposamen bat izan dela.

Argi ikus daiteke proposamen honetan, txosna, tabernetako terrazen, garaje sarreraren zein bertako kioskoari pega-pega eginda egongo litzatekeela, eta honek bertako bizilagunen zein tabernarien egunerokotasuna zailduko lukeela, jende pilaketak eragingo zirelarik. Horrela, Plaza Berriaren tamaina dela eta, karpa bizilagunengandik oso gertu egongo litzateke, soinu arazoak areagotuko lituzkeelarik.

Besta alde batetik, txosna batzordetik egiten dugun lana erabat zailduko lukeela argi daukagu. Txosna bezala jartzen dugun karpaz gain, beharrezkoa zaigu gure edari zein produktuak biltzen dituen espazio bat txosnari lotuta edukitzea, eta horrelako espazioa bat jartzea ezinezkoa da Plaza Berrian. Honekin batera, txosnara etortzen diren musikarientzat karga-deskargarako gertuko espazio bat edukitzea ere ezinezkoa litzateke. Bestalde, plazaren sarrera zein irteerak ikusita, jende pilaketak eragiteaz gain, anbulantziak bertara sartzeko zailtasunak edukiko lituzkeela ikusten dugu.

Honekin batera, argi dago txosna Plaza Berrian jarriz gero, jai eremutik kanpo geratuko litzatekeela eta zailtasunak izango genituzkeela urtero antolatzen dugun musika eskaintza antolatu ahal izateko. Oro har, sanjoanetan, txosnak Plaza Berrian egoten diren heinean, udaletik aldarrikatzen duten alternantzia hori ematen da, eta hortaz inauterietan txosna Euskal Herria plazan jartzea bidezkoa dela uste dugu. Hala ere, Euskal Herria plazako bizilagunek soinuarekiko duten kezka ulertzen dugu eta arazoari soluzioa emateko prest gaude, txosnako musika beste urteetan baino baxuago jarriz, edota kontzertuen amaierako ordutegiak zehaztuz, adibidez; eta prest agertzen gara bizilagunentzat kezka den arazo honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzera.

Beraz, arrazoi guzti hauengatik argi daukagu, urteetan zehar jarri izan dugun txosna jartzeko ezaugarriak betetzen dituen espazio egoki bakarra Euskal Herria plaza dela, eta hortaz beste urteetan bezala bertan jartzeko konpromiso guztia daukagu. Hortaz, Tolosar guztiei dei egiten dizuegu ostiral honetan, urtarrilak 13, 18:00etan udaletxe aurrean egingo den kontzentraziora azaltzera, eta udalari txosna Euskal Herria plazan jartzea exijitzea.

Mikel Etxaburua Urkola
Tolosako Txozna Batzordea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!