Gutuna

Auzoetako Gabonetako argia

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Sanchez Artieda 2022ko abenduaren 16a

Gogoan dugu, garai batean, auzoan jartzen zuten izar bakar hura. Hark ez du auzorako bidea aurkitu azken urtetan eta jakin badakigu ez garela Gabonetako argirik gabeko auzo bakarra izango.

Asteburu honetatik aurrera eta Gabon Gaua bitartean, badator berriro ere Olentzeroren Basoa ekimena San Esteban auzora. Gure Zirkuak ere bere ikuskizuna egun berezi hauetan guztietan zehar eskainiko du, eta Olentzero eta Mari Domingiri eta Errege Magoei ere harrera egingo diete bertan.

Bada, hori guztia gertatzen den bitartean, Elosegiko Parkean basoa argiztatzeko erabiliko dituzten kriseiluek eta suziriek eman beharko diote argia auzoari eta bertaratzen diren guztioi. Baita zirkuko karparen inguruan dauden bonbillek, San Esteban auzoa Gabonetako argirik gabe geratu baita beste behin ere. Gogoan dugu, garai batean, auzoan jartzen zuten izar bakar hura. Hark ez du auzorako bidea aurkitu azken urtetan eta jakin badakigu ez garela Gabonetako argirik gabeko auzo bakarra izango.

Tolosak aspalditxo utzi zion bere bihotza duen Alde Zaharra begiratzeari, baita gorputz adarrak liratekeen hainbat auzoei begiratzeari ere. Luze darama bere zilbor hesteari begira, erdiguneari alegia. Ea noiz den gai burua altxa eta begirada areagotzeko, herria guztion artean osatzen eta aberasten dugulako.

Oihana Sanchez Artieda
San Esteban Auzokide Elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!