Badakigu, etxetik gertu horrelako espazioa berreskuratuz, Alde Zaharreko bizilagunak izango garela lehen onuradunak, eta zentzu horretan, ingurua berreskuratzearekin erabat ados gaude. Alde Zaharrak, ordea, konplexutasun asko ditu. Etxebizitza bakoitzeko errenta baxuena duen auzoa da (bataz bestekoa baino %33 baxuagoa) eta langabezia tasa eta etorkin portzentaje altuena (%20) duena. Argi dago, beraz, emandako alternatibak ez duela bat egiten Alde Zaharreko errealitate sozial eta ekonomikoarekin, eta zentzu honetan, ez dugu uste soluzio egokia eta errealista denik.
Zumarditxikitik kotxeak ateratzeak gainera, inguruan ditugun egun osoko aparkalekuen %30a kentzea suposatzen du eta udalak proposatutako soluzio ez badugu aprobetxatzen, 100 kotxe gehiago izango ditugu dagoeneko gainezka dagoen Tolosako kaleetan barrena. Eragina hortaz tolosar guztiok sumatuko dugu.
Sakontasunez eta perspektiba zabalarekin landutako proposamena egitea eskatzen du egoerak, eta Zumarditxikian dauden kotxeak non birkokatu pentsatzea ez da nahikoa. Urte luzez egon da Zumarditxikiren gaia lanketan, eta beti aipatu da aparkalekuei irtenbidea emandakoan egingo dela esku-hartzea. Irtenbideak ezin du partxe bat izan, are gutxiago, egoera zailean eta benetan zaurgarria den auzoan.
Alde Zaharrari dagokionez premia ugari ditu, eta behar beharrezkoa du epe motz, ertain eta luzera begira egindako analisia eta bide-orria osatzea bizilagun, dendari eta erakunde ezberdinekin batera. Gune historikoan eragin zuzena izango duen esku-hartze baten aurrean, perspektiba luzeko erabakiak hartu behar dira, patxadaz.
Biztanleriaren zahartzeak, etorkin eta pobrezia tasa gero eta altuagoak, komertzio eta ostalarien gutxitzeak, gune ospel eta ez erabilien ugaritzea… taxuzko biziberritze-plana behar du Alde Zaharrak. Bertako hainbat bizilagun prest gaude beharrak eta kezkak partekatzeko, baina ezin gara soluzio partzial eta ez erreal batera mugatu, mira altxatzeko garaia da.
Miguel Legarra Muñoz eta Maite Asensio Iparragirre
Alde Zaharreko bizilagun taldea