Gutuna

Gazteluko pista proiektua ingurumen baimenik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Huesa, Landarlan ingurumen elkarteko kidea 2022ko aza. 18a, 18:00

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduak argitaratu du Abaltzisketako onura publikoko Egido mendian egin nahi den pisten proiektuari buruzko ingurumen inpaktuaren agiria.

Gogoratu beharrean gaude Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza nagusiak, Aralarren, Abaltzisketako lurretan, Ausa Gaztelu mendiaren magalean, 9 km-ko pista sarea eraiki nahi duela, baso lanak egiteko.

Proiektuarekiko desadostasuna adierazi dute Aldundiko Ondare eta Artxiboen Zerbitzuak, hainbat natur eta ekologista taldek (Arkamurka, Eguzki, Landarlan, Mutriku Natur Taldea, Otsotarrak eta SEO-Birdlife), Gipuzkoako Mendi Federazioak eta norbanako ugarik. Hauek guztiek ekarpen zehatzak eta sakonak egin dituzte, alternatibak planteatuz.

Arkamurka natur elkarteak eskaera luzatu dio aldundiari, oso logikoa zalantzarik gabe, aldundiak berak Abaltzisketako Udalaren jabetzako zuhaiztia erosi eta ustiatu gabe uzteko, naturalki eboluziona dezan. Esan beharra daukagu aukera hori askoz merkeagoa izango litzatekeela gipuzkoarrontzat.

Gipuzkoako Mendi federazioak iradokitzen du, azpiegitura honen eraikuntzaren azken helburua agian ez dela horrenbeste basoaren ustiapena, baizik eta Katxine, Elutzeta, Ziate, Gokikoa eta Egurraleko artzainen saroietarako sarbideak hobetzea. Eta beharrezkotzat jotzen du hori hala den jakitea eta ea etorkizuneko esku-hartze zabalago baten hasierako fasea besterik ez den argitzea.  

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, berriz, informazio gehiago eta baso plangintza eskatzen ditu eta ikerketa zorrotza, araudiarekin bat etorriko dena. 

Aldeko ekarpenak egin dituzte, Abaltzisketako Udalak eta herritarrek, ENBA sindikatuak eta GEBE, Gipuzkoako baso elkarteak.

Zaldibiako Udalak, bestalde, proiektuak bere ur edangarri guztia hornitzen duen Osinberdeko akuiferoen gainean duen eragina sakontasunez ebalua dadila eskatu du.

Ekarpen horiekin guztiekin Ingurumen Departamenduak ez du baimenik eman pista proiektua oraingoz gauzatzeko eta baldintza ugari eta zorrotzak eskatu ditu. Hasteko, Egido mendiaren plangintza eta 0 alternatiba, alegia, pista proiektua ez egitea aztertu beharko dela. Jarraitu du azaltzen, Aralar osorik EAEko Paisaia Berezi eta Apartekoen Katalogoan sartzeko proposatuta dagoela, oso balorazio handia baitu. Espero dugu proiektu hau behin betiko baztertzea, arrazoi sakonak baitaude horretarako. 

Lerro hauetatik gure eskerrik beroenak proiektuaren aurkako balorazio eta bestelako alternatibak proposatu dituzten elkarte eta norbanako guztiei, uda bete-betean eta opor garaian izanda ere, horrek adierazten baitu, gizarte bizia dugula eta gai izan dela astakeria honen aurrean mugitzeko.

Bukatzeko, gogoratu beharrean gaude Mendi eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu zuela Egidoko pista proiektua, espainol hutsez. Hori dela eta, eskatu genuen ekarpenen prozesua gelditzea dokumentazio osoa euskaraz egon arte, baina ez zuten hala egin, euskaraz aritzeko dugun eskubidea aldundiak berak urratu duelarik. Oraingoan aldiz, aldundi berdineko Ingurumen Departamenduak dokumentazioa bi hizkuntzetan jarri du, zorionak gure aldetik.

Edurne Huesa

Landarlan ingurumen elkarteko kidea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!