GUTUNA

Instituzio bat

Erabiltzailearen aurpegia Iker Arranz Otegui 2022ko aza. 9a, 07:59

Askotan parrandak bertan hasi izan ditugu. Pausoek, garai bateko Iparragirre zinemako iskinean Oria ibaialdera hartu eta Mescal tabernara eramaten gintuzten.

«Franziskaner bat! Bueno, itxoin…nork du botea?! Ea, itxoin, bai…bi hobeto…kar kar kar.» Beste askotan, beteegia zegoen Alde Zaharretik alde egiteko aitzakia bikaina eman izan digu, Tolosako gau eroetatik atsedenaldi bat hartzeko edo. Urruti, baino beti hurbil.

Astean zehar tabernak beste erritmo bat du. Lasaiagoa? Agian. Intentsitatea beste nonbaitera hurbiltzen da: banan-banako hizketetara. Astean zehar Mescalera asteburuko kontutxoak kontatzera joan izan gara, nor norekin dabilen, edo ibili beharko lukeen, inguruko gure apustutxoak botatzera. Gai serioagoak ere, tragikoak batzuetan. Kafe edo te baten bueltan, bertatik ateratzeko «tira, agian badago irtenbiderik!» esaten gure buruari.

Zaila da oso esplikatzen edozein tabernaren giro berezi hori. Denek dute berea. Hala ere, zailagoa egiten zait Mescalen sekretua zein izan den ulertzen. Lekua irekia eta kuttunaren artekoa da, ia parekaturik dauden eskailera horiekin, bai behera eta gora egiten dutenak. Behean futbolina —gaztetan anitz aldiz pasioak apurtzeko erabili genuena—, goian komunak —inoiz jakin gabe nor topatuko zenuen bidegurutze ilar horretan—. Aniztasunak zentzurik badu gure herrian, nahiz denak garen arrotzak Ruperrek dioen bezala, bertan izan du: bidaiariak, amazuloak, ezkerrekoak, eskuinekoak, baserritarrak, kalekumeak. Denak geunden. Solasaldiek norbera aurkitzen zuten eta ez alderantziz. Denetarik entzun eta hitz egin dugula esatea motz geratzen da. Eta bitartean, musika uhinak gora eta behera egiten dute bidaia pareta horietan. Musika beti izan da zaindua Mescalen. Musika ona. Ez dute inoiz konplexurik izan esango genuenaren edo ez genuenaren inguruan. Musika Mescalen 'proposamen' bat izan da beti, eta horrek ere berezi egiten du lekua.

Gure kasua den bezala, gazte gaztetxotik ibili bazara bertan arratsalde eta gauak pasatzen, jakingo duzu ez dela lehenengo aldia norbait falta dela bertan. Lehenago Josetxo izan zen. Tandem-a izugarria zen bien artekoa. Ttirri-ttirri ikusten zenituen bertako 'maleanteen jungla' hura baretzen, bien arteko komentario eta begiradak tartean, eta ondoren beste komentario bat irribarre konplize bat jarraiki. Plazera zen biak ikustea bertan, guretzako lanean, gu zaintzen.

Orain, Idoia falta da. Goran aipatutako eta larritasunez osatutako memorien mosaiko horretan beti agertzen da bera. Galdera oso gutxi egiten zituen ekimen edo proposamen bati baiezkoa eman aurretik. Hasi berriak ziren proiektu ororentzat zuen tarte bat apalategian, whiskey eta vodka botilez inguraturik CDak, liburuxkak, kamisetak eta bestelakoak ikusi izan ditugu dekorazio oso bakan bat osatuaz. Solaskide aparta, jendea irakurtzeko inteligentzia berezi bat izan du beti. Bospasei pauso daude atetik barrara Mescalen. Barrote beltzak leiho zabalaren magalean daude, pausaleku moduko bat osatuaz, atea barrurantz ireki eta mahai bat eskuinean —batzuetan dardoak ere—, eta taberna osoaren bista duzu bertatik. Idoiak laugarren pausorako bazekien nor zinen. Are gehiago, bazekien zurekin fidatu ahal zuen edo ez. Zorionez, gutariko askorengan jarri zuen konfiantza eta eskertuak gaude.

Instituzioa hitza latinetik dator, institutio edo establezimendu esanahiarekin. Normalean eraikuntza edo higiezin bateri lotua entzuten dugu. Kasu honetan esanahia sakonagoa behar du izan. Tabernari izateak zer esan nahi duen nik behintzat Idoiarekin ikasi dut. Tabernari ofizioari ohore egin dio bizi guztian, eta hori munduko gauza zailenetakoa —eta ederrenetakoa!— da, goratu egin baitu. Emakume bezala adibide, lankide bezala aparta, hamaika kausetan konpromisoa erakutsiz, tinko. Bere bizitza ospatu besterik ez dugu, eta ikasi, borrokalari bat joan baita. Agur eta ohore!

Iker Arranz Otegui
Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!