Presa pneumatikoa Oria ibaian martxan jartzeko prozesua luzatzea, txirritxo txikiaren habia-garaia babesteko. Bitartean, naturak eskuzabaltasunez jantzi ditu bere ertzak, egun batean ibaia izan zena gogora ekartzeko. Edo, ibai berean gorago, aspalditik espero zen obra baten hasiera atzeratzea, apirila eta abuztua bitartean bisoi europarraren umealdia babesteko.
Aldiz, agertoki berean egin nahi den esku-hartzean, Zumarditxikia birmoldatzeko proiektuan, nekez igarri daitezke sentsibilitate keinuak.
Proiektua sustatzen da «berdegune bat sortzeko, espazio natural bat, inklusiboa, irisgarria, herritarrek naturarekin duten harremana sustatuko duena eta gizarte-ekintzak antolatzeko egokia izango dena». Zalantzarik gabe, helburu laudagarriak dira, bere osotasunean kolonizatzen duen aparkaleku erabilera lurrazaletik kentzeko eta jatorrizko aisialdi erabilerara itzultzeko premia saihestezina dago eta.
Proiektuaren gauzatzeak, aldiz, oinordetzan jasotako ondareak merezi duen begirune eta errespetuarekin talka egiten du. Herria Erdi Aroko harresi-barrutiaren mugetatik kanpo zabaldu zenean, duela bi mende baino gehiago, besteak beste, Zumardiaundi eta Zumarditxiki aisialdirako guneak sortu ziren.
Zumarditxikia edo zumarkalea, jatorriz zumarrez osatua, gero bananondoz eta mende honen hasieran berriz lekuari izena eman zion espezieko aleak jaso dituena. Harrezkero herrian, protagonismoa izaten jarraitu du eta bere lehengo irudiari eusten dio gaur egun; nahiz eta mantentze lan egokirik ez duen eta jokabide traketsak (bidegorria eta abar) jaso dituen.
Erabilera ez da, ordea, jatorrizkoa, autoek inbaditu dute, eta gaur egun ia-ia aparkaleku bezala baino ez da erabiltzen. Beraz, proposatzen den proiektuaren helburua, aisialdi erabilera berreskuratzea, eztabaidaezina da.
Eztabaidagarria da aldiz, Oria ibaia Tolosatik igarotzen dela aprobetxatuz, justifikazio gehiagorik gabe, dagoena desagerrarazi eta agertoki berri bat proposatzea, jatorrizkoak behar bezala beteko lukeen programa baterako. Berrogeita hamar bat bananondo handi eta hamar bat zumar gazteagoak botatzea proposatzen da, guztiak itxuraz osasuntsuak, emaitza eztabaidagarria duen paisaia berri bat sortzeko.
Eutsi al dakioke gaur egun, jasangarritasun eta ekonomia irizpideetatik hain urrun dagoen proiektu bati?
Ez dakigu zuhaiztia tasatu den (adina, espeziea, itxura, eta abar), ez litzateke garrantzi gutxiko partida bat izango, irismen ekonomikoa behar bezala zehazteko. Segur aski zaila da justifikatzen.
Angel Martin Ramos arkitektoak idatzitako planeamendu orokorreko dokumentuan, Zumarditxikia babestuta zegoen; ez, ordea, gaur egungoan, segur aski degradazio egoerak babes maila jaistera bultzatu zuelako. Oinordetzan jasotako ondarearen errespetuan eta kontsiderazioan oinarritutako esku-hartzeak gomendatzen zituen hartan, guztiz baliozkoak eta lortu nahi den helbururako nahikoak.
Hiri-parke babestuak mantendu egingo dira, haien konfigurazioaren oinarrizko ezaugarriei eutsiz, eta berreskuratu egingo dira, esku-hartze itzulgarriek aldatu dituzten neurrian.
Horretarako, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: lurzoruaren tratamendua, zuhaitzen forma, mota eta kokapena, sartzen diren hiri-altzarien elementuek (bankuak, paperontziak, farolak, kioskoak, eta abar) dituzten petrilak, burdin hesiak edo itxiturak, eta, oro har, ingurunearen konfigurazioan eragina duten gai guztiak.
Hauek kontutan hartuta, jasotako, berreskuratutako eta eguneratutako legatua, zalantzarik gabe, gure ondorengoei bermeekin transmititzeko moduan geratuko da.
Jasotako ondarearen gainetik gure arrastoa uzteko grinak ez gaitzala eraman txirritxo txikia (Charadrius dubius) erderazko chorlito-arekin (Charadriidae Pluvialis) nahastera, honen buruan ez baitira sortzen oso ideia distiratsuak.
Juanjo Gurrutxaga, Tolosa