Esperientzia luzeak erakusten digu patronalaren aurrean lan baldintza duinak defendatzeko gogor borrokatu behar izaten dugula. Oraingoan ordea, aurrekoetan baino indartsuago atera gara, egoerak ere hori eskatzen baitigu.
Lehenik eta behin, argi ikusi duguna da grebak eta mobilizazioak balio izan dutela. Adegik negoziazio mahaia blokeatuta zuen, soldatetan eta lan eskubideetan galera handiak ezartzeko proposamen lotsagarri batean tematuta. Greba izan da, hasteko, ipurdia mugiarazi diona, hori baita enpresariek ulertzen duten lengoaia bakarra. Baina hala ere, Adegiren helburua ez da aldatu. KPI-aren oso azpitik dauden proposamenekin bueltaka aritzea da, sektoreko mobilizazioa baretzeko esperantzarekin. Horregatik jarraitu behar dugu orain borrokan eta greba egun gehiago eginez.
Inflazioaren gorakada itzela gure soldatak jaten ari da eta datozen urteetako aurreikuspenek igoera handiagoak iragartzen dituzte. Eta hori lantokietan lan karga eta patronalaren etekinak markatik apartekoak direnean. Testuinguru horretan Adegiri argi esan diogu, Gipuzkoan 1.000 langile inguru biltzen dituen sektorean hitzarmen duin bat nahi dugula. KPI-ari lotutako soldata igoerak, lanaldiaren murrizketa, errelebo kontratuaren aplikazioa, ETT-ak mugatzea, genero berdintasunean aurrera pausua nahi ditugu.
Fabrika handi nahiz txikietako jabeak enpresa itunen negoziazioak irekitzen ari dira arreta desbideratzeko, gu zatitzeko eta sektore mailako borroka ahultzeko. Greba eta mobilizazioak arrakastatsuak izan dira. Greba egunek %80eko jarraipena izan dute. Baina, hain zuzen ere, urrats tinkoa eman dugulako, lan handia dugu patronalaren estrategiari aurre egiteko.
Ezinbestekoa dugu lantegi guztietara joatea, handietara zein txikietara, planteamendu borrokalari batekin, informatuz eta azalduz, langileen batzarrak antolatuz, mobilizazio plan sendo eta bateratua demokratikoki onartzeko. Ekintzara jo behar dugu, ahalik eta elkartuen eta sendoen.
Maila orokorrean, patronalari geroz eta beldur gehiago sumatzen zaio greba olde berrien aurrean eta langile borrokak ugaritzeko edo eztanda egiteko aukeraren aurrean. Hor daude, besteak beste, Britainia Handiko eta Estatu Frantseseko greba mugimenduak edo pasa den urriaren 15ean pentsionistek Madrilen egin zuten manifestazio handia. Orain da unea: patronalaren maniobren eta xantaiaren aurrean ahalik eta batasun handienarekin erantzutekoa, KPI-aren azpitik egiten diren akordioei ezezko argia esatekoa eta batez ere, greba orokorra ahalik eta zabalen antolatzen hastekoa.
Manu Odriozola, LAB-eko afiliatua eta Ezker Iraultzaileko kidea