Era berean, etxebizitza babestuen aldeko apustua egin dugu beti, etxebizitzak ekonomikoki eskuragarriagoak izan daitezen.
Helburu horrekin garatu zen Larramendi auzoa, garai batean industrialdea zena. Egun, bizitza handia duen auzo atsegina da eta tolosar familia ugari bizi da bertan.
Tolosa aldatuz joan da, garai berrietara eta behar berrietara egokituz, bere izaerari eutsiz. Horren adibide dira San Frantzisko pasealekua, Alondiga-Frontoia, Zumardi Handia, Hirigune Historikoa -Zerkausia, Euskal Herria plaza…- Zezen-plazaren eremua.
Tolosak aurrera egin du, baina asko dago egiteko, eta bide horretan lanean jarraituko dugu: gure ondare baliotsuena zainduz eta gure herriaren idiosinkrasiari balioa emanez.
Gaur egun, alokairu- edo erosketa-erregimeneko etxebizitzen eskaria oso handia da Tolosan, eta etxebizitza izateko aukera eskubide bat da, lehentasun bat, tolosar guztiek, batez ere gazteek, Tolosan bizitzeko aukera izan dezaten.
Horregatik, erraztasunak eman behar dira: alokairu ordainketa errazteko laguntzak, etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko laguntzak, baina, era berean, beharrezkoa da udalerriko hainbat eremutako hirigintza-garapena sustatzea eta etxebizitza berriak eraikitzea, babestutako eta alokairuko etxebizitzen aldeko apustua eginez. Eta horretan dihardu PSE-EErekin batera, EAJren egungo udal gobernua, helburu bakar batekin: etxebizitza alorrean aukera eta alternatiba berriak eskaintzea.
Lan horri esker, 400 etxebizitza berri sortuko dira Tolosako eremu ezberdinetan: Amarotzen, Iurramendin, San Frantziskon, Zubizarretan, San Cosme-San Damianen eta Alde Zaharrean, besteak beste. Ingurumenaren ikuspegitik jasangarriak diren proiektuen bidez, berdegune eta parkeekin, eta aurreko eraikinen izaera eta estetika mantentzen duten eta mantendu behar duten eraikuntzekin. Tolosak aurrera egiten jarraitu behar duelako, tolosarren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzunez eta gure ingurunea eta ondarea errespetatuz.
Bereziki, EH Bildu gonbidatzen dugu etxebizitzaren arloko jarduera estrategikoak eztabaidatzera eta adostera, Tolosa herri kohesionatua eta ondo egituratua izan dadin eta, ahal den neurrian, tolosar guztiek izan dezaten etxebizitza duina eskuratzeko aukera.
Jokin Azkue
Tolosako EAJ