Inflazioaren gorakada itzela gure soldatak jaten ari da eta datozen urteetako aurreikuspenek igoera handiagoak iragartzen dituzte. Enpresaburuentzat ordea hori negozio iturri bilakatzen da, irabaziak loditzen jarraitzen dute eta langileon produktibitatea igo da. Testuinguru horretan soldata igoera lotsagarri hau proposatzen ari da Adegi: %3ko igoera 2022rako, %2a 2023rako, %1a 2024 eta 2025erako. Burla hutsa da langileontzat! Eta beste edukietan, hala nola, lanaldiaren murrizketan, errelebo kontratuaren aplikazioan, genero berdintasunean inolako aurrerapenik eskaini gabe jarraitzen dute.
Bost bilera egin dira, baina horrek ez du balio izan patronala bere tokitik mugitzeko, Gipuzkoan 1.000 langile inguru biltzen dituen sektorean. Hitzarmen eta lan baldintza duinak nahi baditugu, argi daukagu, grebaren eta borrokaren bidez izan beharko duela.
Patronalak oso estrategia argia du. Fabrika handienetako jabeak enpresa itunen negoziazioak irekitzen ari dira arreta desbideratzeko, gu zatitzeko eta sektore mailako borroka ahultzeko. Horri aurre egitea da lehen urratsa. Ezinbestekoa dugu lantegi guztietara joatea, handietara zein txikietara, planteamendu borrokalari batekin, informatuz eta azalduz, langileen batzarrak antolatuz, mobilizazio plan sendo eta bateratua demokratikoki onartzeko. Ekintzara jo behar dugu, langileak antolatzen garenean eta elkarrekin mobilizatzen garenean dugun indar izugarriaz jabetu gaitezen.
Auzi berbera gertatzen da maila orokorrean ere. Patronalak, zatika-zatika eta banaka-banaka, gure soldaten balioa hondoratu nahi du. Prezio guztiak gora doaz, gure lan indarrarena ordea behera. Pagotxa ederra enpresari handi eta bankarientzat! Gogoan hartu behar dugu, langileak gara fabriketan ekoizpenarekin aberastasuna benetan sortzen dugunak.
KPIaren azpitik sinatzen diren hitzarmen eta akordio guztiekin apurtu behar dugu, horiek beste guztien aurka erabiltzen diren erreferentzia bihurtzen baitira. Gure aurkako erasoaldian oinarritzen den bake sozial artifizial honekin amaitu behar dugu!
Hori egiteko modu bakarra, borroka sindikalak eta mobilizazio soziala ahalik eta maila handienean elkartzea da. Eta horretarako greba orokorra da tresna garrantzitsuena. Arrazoiak sobera daude. Indarra eta gogoa izugarri dago, eta horrela erakutsi da Arabako eta Bizkaiko metalean, Mercedeseko eta beste hainbat lantegi eta sektoretako grebetan.
Langileok, argi eduki behar dugu, ezin dela negoziazio mahai batean lortu lehen kaleetan eta borrokan lortzen ez dena. Horrela da, historian zehar, benetan lorpenak eta garaipenak ahalbideratu dituen tresna bakarrenera jo behar dugu: greba, borroka eta mobilizazioetara.
Patronalak ez gaitu beldurtu, engainatu, eta zatituko. Indarra dugu eta mobilizazioan langileok elkartuta, hitzarmen duin bat lortu ahal dugu. Hortaz, irailaren 27 eta 29 eta urriaren 4 eta 6an denok mobilizazioetara eta grebara!
Manu Odriozola
LAB-eko afiliatua eta Ezker Iraultzaileko kidea