Villabonako jaiak 2022

"Feminismoaren praktika aktiboa da alternatiba bakarra"

Erabiltzailearen aurpegia Amasa-Villabonako EH Bildu 2022ko abu. 4a, 12:57

Amasa-Villabonako EH Bilduk gogoeta hau egin du azkeneko Santio jaietan gertatutakoaren harira:

Bi urte luzeren ondoren, oso pozik geunden herriko jaiak normaltasunez ospatu ahal izango genituelako. Tamalez, sexu erasoek lausotutako jaiak izan dira. Mugimendu Feministak eta udal ordezkariek behin baino gehiagotan aktibatu behar izan dute eraso matxistei aurre egiteko protokoloa.

EH Bildutik gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu erasoak jasan dituzten pertsona guztiei.

Gure herrian erasotzaile matxistak ez dira ongi etorriak eta modu aktiboan lanean jarraituko dugu, gure inguruan lekurik izan ez dezaten.

Dena den, ezin dugu aipatu gabe utzi arinkeriaz zabaldutako mezu sentsazionalistek duten eragin negatiboa. Are gehiago kolektibo zehatzen aurkako jazarpena dakartenean. Jaietan izan diren erasoen atzean hainbat erasotzaile daude. Erasotzaileen profilak askotarikoak dira eta ez da zilegi jatorri zehatz bateko gizonak bakarrik seinalatzea.

Era berean, Villabonako jaietan ez da ziztadarik salatu eta hauek izan direla zabaldu duten kolektiboek gogoeta egin beharko lukete. Testuinguru orokor baten baitan, uda honetan, Euskal Herrian ohiko bilakatu den eraso mota bat izanik, normala da susmoak izatea baina ez da bidezkoa kontrastatu gabeko informazioa modu arinean argitaratzea. Honek sortzen duen ezinegona eta beldurra kontuan hartu beharra dago.

Indarkeria matxistarekin bukatzeko feminismoaren praktika aktiboa da alternatiba bakarra, erasotzailerik gabeko gizarte eredu bat eraikitzea, bide luzea eta zaila izango da baina ez dago bidezidorrik.

Amasa-Villabonako EH Bildu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!