Villabonako jaiak 2022

Sistema punitibista zertarako?

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz Talde Feminista 2022ko abu. 2a, 11:23

Hementxe dihardugu egunerokoan sexu erasoei aurre egiten, non, horietako batzuk jai girokoak diren. Ez da batere fina jaiak aske bizi ezin izatea baina horrek ez du esan nahi kikilduta bat eskuak gurutzatuta geratuko denik. 

Hitz hauek, ekintzetan bilakatu dira aurtengo Santio jaietan Billabonan. Festak aske bizitzerik ez dugu izan baina hortxe egon gara mugimendu feministatik haratago, herri oso bat sexu erasoei erantzunaz. Bizipen desberdinak egon dira eta hor herritarrok, autodefentsa feminista mahai gaineratuz, elkarlanean aritu gara. Erasoa jasan dutenei babesa ematea izan da lehentasuna eta horretan jarraitzen dugu. 

Argi dago eskuartean dugun justizia administrazioak ez garamatzala inora. Ohiturei jarraiki, Billabonako jaietan egondako sexu eraso baten kasuan atxiloketak egon ziren eta astelehenean epaile aurretik pasa, eta libre dira. Urteak daramatzagu hau bizitzen eta instituzioen partetik ez ditugu aldaketak ikusten. Hainbat egoeren aurrean herritarrok nola jokatu behar dugunari dira kaleratzen gobernu desberdinetatik baina ez dugu ikusten beraiek nola jokatu behar duten lantzen ari direnik. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak Indarkeria Matxistaren aurkako Gidari sumisio kimikoei buruzko atal bat gehitu dio baina ez dute inondik inora Hezkuntzan Sexu Heziketari buruzko inongo ikasgai berririk gehitzen. Zer dela eta, bizi dugun sistema penalak inora ez garamatzala jakinda, ez dira beste hainbat bide irekitzen? 

Guk ez dugu inondik inora sistema punitiboan sinesten eta espetxe-sistema ez dugu lehenesten; guk Billabonako festetan zein beste edozein momentutan gertatzen diren sexu erasoak berriz ere gerta ez daitezen bideak irekitzea lehenesten dugu. Horretarako, erasoei aurre egiten jarraituko dugu eta hor izango gaituzte erasotzaileek ez ditugula ez hemen ez inon nahi aldarrikatzen; hor jarraituko dugu bizi dugun sistema heteropatriarkal kapitalista eraisteko borrokatzen. Emakumeok* etxean nahi gaituzte baina ez dute lortuko! 

Lurgatz Talde Feminista

Amagoia Eskudero Larrañaga
Pauli Olano Balerdi
Susana Carretero Viera
Arantxa Sorondo Bidaor

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!