Gutuna

Elkartasun manifestua Gasteizko Mercedes Benz lantegiko borrokarekin

Erabiltzailearen aurpegia Manu Odriozola eta Jesus Aranzegi,  Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialistako kideak 2022ko uzt. 19a, 08:59

Gasteizko Mercedes Benz lantegiko langileak borroka eredugarria ematen ari dira patronalaren ofentsibaren aurrean. Enpresako zuzendaritzak, krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, langileak are gehiago estutzen saiatu da, seigarren gaua sartuz eta soldatak KPIaren igoeraren arabera eguneratzeari uko eginez, inflazioa %10,2ra iristen denean.

Egoera horren aurrean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek, Batzordean gutxiengoan, bederatzi greba egun deitu dituzte dagoeneko, erabateko arrakastarekin. Ekoizpena erabat gelditu da greba egunetan, langileen borrokarako borondate irmoa erakutsiz. 

Borrokak aurrera jarraitzen du enpresaren zuzendaritzaren mehatxuak tarteko, grebaren aurkako komunikabideen kanpaina basatiaren gainetik, greba desaktibatzeko EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren ahalegin desesperatuei aurre eginez. UGT eta CCOOko buruzagien jarrera penagarriari ere aurre egin diote, gatazka desaktibatzeko enpresaren eskutik etengabe maniobratzen aritu baitira, Asanbladako langileek demokratikoki bozkatutako grebei eta mobilizazioei boikota eginez. UGT, CCOO, EKINTZA eta PIM sindikatuek aurreakordio onartezin bat sinatu dute, langileen soldata gogor kolpatuko duena.

Mercedeseko egoera ez da salbuespena Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean gertatzen ari denaren aurrean, duela gutxi metalak Kantabrian egindako greba eredugarriarekin ikusi dugun bezala. Patronala erasora doa erabat. Soldata igoera ezdeusak planteatzen ari da, langile klasearentzako erosteko ahalmenaren galera izugarria ezarriz. Berriro ere eurek eragindako krisia ordaintzea nahi dute, mozkin errekorrak lortzen ari diren bitartean.

Mercedesekoa bezalako langile borrokak eredu eta erreferentzia dira Euskal Herri osoko eta Espainiako Estatuko langile klasearentzat, eta horrexegatik kriminalizatzen edo isilarazten dituzte komunikabideek. Sindikalismo demokratikoa, klasekoa eta borrokalaria behar dugunaren adibide dira, UGTko eta CCOOko buruzagien bake sozialeko politika negargarriarekin hausteko beharrarena. Behean sinatzen dugun sindikalista eta ekintzaileok elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu Mercedeseko langileei. Zuen borrokak markatzen du zein den bidea!

Manu Odriozola eta Jesus Aranzegi,  Ezker Iraultzailea-Euskal Herria Sozialistako kideak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!