Gutuna

USEtik harago

Erabiltzailearen aurpegia Izaskun Egilegor, Tolosa 2022ko eka. 1a, 07:57

Gizartearen kultur hutsuneak betetzean oinarritu dut aurtengo ikasturtea. Zortzi urteko aldea besterik ez duten ikasleekin lanean aritu naiz. Ikasturte osoa Unibertsitatean Sartzeko Ebaluaziora bideratuta aritu gara eta planteatutako didaktika plana jarraitu dugu. 

Zerbait ona ere egiten ari garenaren errezeloa dut. Azken saioan herriko hilerrira gerturatu ginen. Euskal Herriko eta Espainiako Historia Garaikidea irakasgaiaren irakasle naizela aipatzea ahaztu dut, historian 
aditua den norbaitek gidatu beharreko irakasgaia dela ondorioztatu daiteke hortaz, errealitatetik asko aldentzen den baieztapen bat izanik, zehaztuta dagoen eta inposatutako plan didaktikoak pedagogian aditua den edonork eraman ezin balu  bezala. 

Zalantzak izan nituen hasieran; 80ko hamarkada gorabeheratsua kontuan izanik, inguruko gai berezi baten inguruan mintzatu nintzaien. Ez nuen harridura aurpegirik ikusi, aurreko batean ere hilerrira bertaratu ginen beste helburu zein garai historiko bat tarteko. Bi puntu zehatzetan geratu ginen, sarreran dagoen Gerra Zibilean eroritako monumentuaren parean, eta   GALen bi biktimaren monumentuaren ondoan. Aurreko saio batean ere honen inguruan solastu ginen. Geldialdi txikia izan zen, momentu batean jasotakoaz pare bat hitz besterik ez genituen egin. Gelditzen zitzaigun denbora kanposantuan bertan eman genuen, bata eta bestearen senideak lurperatuta non zeuden ikusten. Hilerri batek zenbaterainoko informazioa eman dakigukeen hausnartu nuen. Ikasle batek ere hala esan zidan. Bitxia iruditu zitzaidan bisita, Espainiako eta Euskal Herriko historia jakitea eskatzen dute (digute) unibertsitatera sartzeko probetan. Aitzitik, gure herrian bertan jasotako gorabeherez ezer gutxi dakigu. Asebeteta amaitu dut batxilergokoekin emandako ikasturtea. 

Zerbait ondo egiten ari garen horretan, kulturan zenbait hutsune bete behar ditugula iruditzen zait. Batzuk hilerri batean zer egon daitekeen jarriko dute zalantzan, kontraesanak ere azaleratuko dira. Didaktikak plan horretatik ordutxo batez atera naizela diotenak ere egongo dira. Nik herriko historiaren zertzeladak topatu ditut bertan, eta are gehiago, gure gizartearen gazteenekin elkarbanatu ditut. 

Ondare Hezkuntza ez da helburu bat bakarrik, baizik eta gizartearen hezte prozesuan kokatzen den zati bat da. 
Kontzientzia historikoa sortzen du, iraganaren eta orainaren erlazioa bultzatzen du eta horrekin guztiarekin aukeraketa egitera eta erabakiak hartzera behartzen duen prozesu baten parte da.

Izaskun Egilegor, Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!