Gutuna

Haragi 2022, Zumarditxikiaren magiaz gozatzeko aukera berria

Erabiltzailearen aurpegia Xarles Iturbe Pasaban, Merkataritza, Azoka eta Turismo zinegotzia (Tolosa) 2022ko maiatzaren 16a

Askok gogoan dugu oraindik 2019an Zumarditxikian egin zen Mikologika. Casino elkarteak sustatutako azoka berezi hark agerian utzi zuen Zumarditxikiak eskaintzen dituen aukerak, espazio honek duen balioa eta eremua tolosarren erabilera eta gozamenerako berreskuratzeak ekarriko lizkiguken onurak.

Ibaiaren ondoan, Tolosako erdigunean, Zerkausira eta Uzturrera begira dagoen espazio erreferentziala da; espazio eder eta enblematikoa. Horregatik, lehentasunezkoa da Zumarditxikiak garai batean zuen erabilera soziala berreskuratzea eta eremua herritarren eskura jartzea.

Zumarditxikia berroneratzeko proiektuarekin espazio publiko honen kalitatea nabarmen hobetuko da Oria ibaiarekin konexioan egongo den parke berria sortuz, kontzertuak, azokak eta bestelako kultur eta gizarte jarduerak antolatu daitezen bertan.  Aurten HARAGI FESTa Zumarditxikian ospatzea erabaki dugu eta udan ere ekimenak gauzatzea da gure nahia, gune honi dagokion erabilera eta balioa emateko, Tolosako eguneroko agendan eta bizitzan txertatu dezagun gune hau, eskaintzen dizkigun aukera guztiak baliatu ditzagun, gaurtik hasita.

Jakitun gara horrek inguruko bizilagunengan duen eraginaz. Badakigu beste leku batean aparkatzeko ahalegina egin behar dutela. Horregatik, aldez aurretik eskertu nahi diegu beren eskuzabaltasuna eta esfortzua. Eta zentzu horretan, Alde Zaharreko bizilagunen zein gainerako tolosar guztien aparkaleku behar eta eskariei erantzuteko lanean dihardugu, aparkaleku aukerak ezberdinak aztertzeko konpromisoari eutsiz, badakigu eta, beharrezkoa dela aparkaleku alternatibak eskaintzea, Zumarditxiki berreskuratzeko proiektuari ekiteko. Ordura arte, gozatu dezagun paraje berezi bezain paregabe honetan HARAGI FESTaren bueltan sortuko den giro eta magiaz, aire libreko kontzertuez, janari postuez eta, noski, lagunarteaz.

Xarles Iturbe Pasaban,  Merkataritza, Azoka eta Turismo zinegotzia (Tolosa)

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!