Gutuna

Herriko hirigintzaz

Erabiltzailearen aurpegia Ander Auzmendi eta Maria Gurrutxaga arkitektoak, Tolosa 2022ko mai. 11a, 07:58

Ez dugu Tolosako Udala Facebook, Twitter edo Instagram bidez jarraitzen. Ohiko prentsa eta komunikabideak ere utziak ditugu azken aldian, gain-desinformazioak nekatuta. Kasualitatez izan dugu herriko hirigintzako azken kapituluaren berri: 300 etxebizitza eraikiko omen dituzte Amarotz auzoa bukatzen den tokian, herriko azken enpresa papergilearen kokagunean. Ez dirudi bizitzeko toki politena, mendiaren eta ibaiaren artean, eguzki argi eskasarekin, herritik urrun. Baina tira, hori garrantzitsua izanda ere, ez da garrantzitsuena.

Hirigintza gure ogibideak duen arlorik inportanteena da, nola biziko garen baldintzatzen baitu. Nola mugitu, nola erlazionatu, nola kontsumitu, zertan jolastu, zein aire arnastu, dena dago hiri eta herrien antolaketak baldintzatua. Hirigintzak soziologia, ekonomia, bizi kalitatea, espazio publikoaren kudeaketa, ekologia eta hainbat eta hainbat alor barneratzen ditu.

Voith eta Gorostidi itxi ziren eta auzo berria eraiki. Etxe kopuru gehiegizkoa eraiki zuten, 750 etxebizitza inguru, oso kalitate eskaseko espazio publikoa sortuz. Kontua da erabaki horrek Tolosa osoari eragiten diola, bizi garen moduak azken finean planeta osoari eragiten dio eta.

Alde Zaharra utzia dago, herriko bihotza gero eta marjinalago, gero eta ghetto-ago. Tolosako merkataritza ere oso makal dabil, gero eta denda gehiago itxita, gero eta aukera txikiagoa herrian erosteko. Eta ez da kasualitatea, gaizki hartutako erabakien ondorioa baizik. Zenbat denda ireki dira Voith-Gorostidin? Non egiten dituzte erosketak auzotarrek? Denetik egongo da, baina etxe azpian dendarik ez baduzu, errazago erosiko duzu merkataritza gune batean, edo internet bidez. Eta horrek, zalantzarik gabe, denon bizitzak baldintzatzen ditu. Ez da aditu izan behar honek jasangarritasunari mesede egiten ez diola ulertzeko.

300 etxe berri Amarotz bukatzen den lekuan, 1.000 pertsona bizitzeko adina, 300 familia gazte, ulertzen da. Nola biziko dira gazte horiek? Non egingo dute lan? Non erosketak? Etxetik oinez abiatuta, ala kotxea hartuta merkatal gune batean? Nola eramango dituzte haurrak eskolara? Oinez, autobusez ala kotxez? Nola eragingo dio Tolosari familia gazte horiek herritik aldentzeak? Nor biziko da erdialdean? Nor Alde Zaharrean?

Zein da hurrengoa? San Esteban? Auzo honek hogei urte baino gehiago daramatza utzita. Enpresak itxi eta hor geratu dira «gorpuak» lurrari eman gabe, herriak berreskuratzeko aukerarik gabe. Auzo ederra da, herriaren eta mendiaren arteko mugan, eremu zabalean. Zein da plana? 1.000 etxebizitza proposatu zituzten lehenik; gero, 350 bat egiteko asmoa landu zen auzotarrekin. Badirudi tarteko zerbait dela orain helburua. Baina noren helburua?

Beste 2.000 herritarrentzako bizilekua izan daiteke San Esteban, beste 600 bat familia berri. Familia horiek denak kanpotik etorriko ote dira? Hainbeste haziko al da Tolosa? Hala balitz noren kalterako? Nork galduko du populazioa, nongo etxebizitzak eta kaleak hustuko dira? Galderak eta galderak. Hori da gure lana, galderak egin eta erantzun egokiak aurkitzen saiatzea.

Horrek izan behar luke baita udaletan, aldundian, jaurlaritzan, dauzkagun ehunka politikari eta milaka teknikarien lana ere, galderak egin eta erantzunetan asmatzea. Inoiz baino gehiago dira erabakiak hartu eta baldintzatu ditzaketenak, baina ez dirudi asko eta inoiz baino prestatuagoak izateak emaitza onak bermatzen dituenik.

Jasangarria al da etxe zaharrak alde batera utzi eta berriak eraikitzea? Ona al da gizartearentzat herriko dendak itxi, gabe geratu, eta erosketak kotxez, urruti, makro-denda batean egitea? Aldaketa klimatikoa ekidingo al dugu bizitzeko eredu horrekin?

Badakigu ezetz; badakite ezetz, eta hala adierazten digute gainera pilula txikietan, ardura guregain jarri nahian: «Abisatuak zeundeten!» esango dute gero. Baina bide egokia zein den jakin arren kontrakoa erabakitzen du sarri administrazioak, ondo ari garela esanaz, gainera.

Batzuetan badirudi gizarte arazoak kasualitatez ala ezinbestean sortzen direla; «horrela dago mundua», esaten dugu, «beste nonbait baino hobe gaude hemen» esanaz lasaitzen dugu gure burua. Baina mundua guk egiten dugu, gure erabakiek baldintzatzen dute, eta erabaki txarrek emaitza txarrak emango dizkigute ezinbestean. Saia gaitezen asmatzen.

Ander Auzmendi eta Maria Gurrutxaga arkitektoak, Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!