Irizar e-mobility greban

For a better life, do it yourself!

Erabiltzailearen aurpegia Unai Goikoetxea eta Garazi Mitxelena, Irizar e-mobilityko langileen izenean 2022ko mai. 6a, 07:57

Inori ez zaio gustatzen grebara joatea; goizeko 05:30ean Adunara iritsi eta euri azpian zein eguzkitan lantegi kanpoan egotea, dirua galtzea, arduradun zein lankideekin tentsioan egon edo konfrontatzera iristea. Baina oinarrizko baldintzak ziurtatzen ez dizkigutenean ez zaigu borrokatzea besterik geratzen. 

Denok genituen zalantzak; grebara joan ala ez, grebara joango ote ginen, ala enpresak pauso bat emango zuen egoera honetara ez iristeko. Tamalez, oporretara esperantzarik gabe eta dagokiguna eman ezean gure kabuz lortzeko determinazioarekin joan ginen. Zalantzak mila, iritziak ere askotarikoak, baina jarrera argiarekin: for a better life, do it yourself! 

Orain bost urte 80 langile inguru hasi ginen enpresa berri honetan lanean. Lehen urteetan, lantegi berria zenaren aitzakiapean, lan karga eta lan ordu amaigabeak ezarri zizkiguten, sarritan segurtasun baldintzak bermatu gabe. Egoera honi langileok genuen guztiarekin aurre egin genion. 

Gaur egun, 300 langile gara eta autobus produkzioa seikoiztu dugun arren, lan baldintzak ez dira aldatu. Prekarietatea ezartzen digute enpresaren galera ekonomikoen izenean. Irizar e-mobility bertan, lan berdina egin arren, soldatak ez dira berdinak. Kanpora atera behar denean, gau kopuru batera iritsi behar dugu dagokigun bezala konpentsatuak izateko. Horrez gain, langile guztiek ez dute konpentsazio ekonomikorik jasotzen kanpora bidaiatu behar denean. Arrisku elektriko, mekaniko, toxiko edo ergonomikoak saihestu ezin direnean ere ez dira kontuan hartzen. Deiak lan orduetatik kanpo jasotzen ditugu. Bulegoetako lan kargak konziliazioa zailtzen du. Opor egunak ez dira errespetatzen eta txandakakotasunak ere ez dira konpentsatzen. Arduradun postu gehienetan gizonezkoak daude, %89 hain zuzen ere. Gure aldetik dena eman dugun arren, ez gara baloratuak sentitzen. 

Irizar e-mobility etorkizun oparoa duen enpresa da, Europa guztian lehen mailako beste enpresekin lehiatzen dena. Aste honetan bertan jaso dugu nazioarteko lehiaketa batzuen adjudikazioen berri. Hala ere, Irizar e-mobilityko langileen bataz besteko adina 27 urtekoa da. Enpresak langileen gaztetasuna baliatzen du praktiketako hamarnaka kontratu, aldizkakotasun zein beste eskaerak aurrera eramateko. Gipuzkoa osoko gazte askoren lantegia da, urte gutxi egoteko enpresa bat dela dirudi. Zergatik ote?

Hau dena ikusita, orain da baldintzak eta ituna hobetzeko momentua. Horretarako, langile batzordeak, batzarrean denon artean osatu eta onartu genuen proposamena aurkeztu zion zuzendaritzari, puntu hauek ezinbestekoak izanik: lan berdina soldata berdina, lan irteeretako baldintza duinak eta berdinak denontzat, esfortzu gehigarriak konpentsatuak izatea, langile bakoitzaren bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzea eta Gipuzkoako metalgintzaren hitzarmena bermatzea. 

Zuzendaritzarekin egindako bilerak ez ziren batere emankorrak izan, ez baitzituen kontuan hartzen langileon eskariak eta bere proposamena inposatu nahi baitzuen. Borrokatzea da itun duin bat lortzeko dugun aukera bakarra, eta ez gara ozen eta garbi esateaz nekatuko. Egunetik egunera gehiago gara, aste honetan 180 lagun inguru biltzen garelarik goizero-goizero gure lantoki kanpoan. Beraz, etxean zauden horri edota gure aldarriarekin bat egiten duten guztioi: batu zaitezte borrokara! 

Bukatzeko, besarkada handi bat Alconzako lagunei. Duintasunaren eredu zarete, momentu zailen aurrean ere tinko jarraitzen baituzue! 

Unai Goikoetxea eta Garazi Mitxelena, Irizar e-mobilityko langileen izenean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!