Gutuna

Nik akusatzen dut!

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alaña, Lizartza 2022ko maiatzaren 4a

Nik akusatzen ditut Lizartzako Udaleko zinegotziak, herriko urak eta herritarren dirua pribatizatu dituztelako. Ura, zerbitzua eta eskubidea izatetik, negozio pribatu itzel bihurtu dute, Ur Kontsortzioaren mesederako.

Ur Kontsortzioaren «jendearentzat» soilik negozioa? Uste dut ezetz. Halako «iturgintza-lanek» hiru erpin dauzkate normalean, EAJ-rekin eta Pepe Reirekin ikasi genuen bezala. Hauek dira erpinak: enpresa pribatizatzailea, sistemako funtzionarioen konplizitatea eta alderdi politikoen «iturginak». Bada, nire eskeman, hirugarren elementua identifikatzea soilik falta zait.

Guzti horren demostrazioa? Erraza. Kaltegarritasun espedienteen modukoetan egiten den bezala. 2013ko maiatzaren 7an udaletxean dosierra sartu genuen, eta demostratu genuen Ur Kontsortzioaren kudeaketa eta prezioak lapurreta baino ez zirela. Dosierraren presioaz, udalak atzera egin zuen pribatizazio nahi horretan. Geroztik, zinegotzi eta funtzionarioek horren berri izan dute. Beraz, zuk baldin badakizu herriaren kalterako dela, eta hala ere, baimentzen baldin baduzu, nire ustez bi arrazoirengatik izan daiteke: edo mehatxupean zaude, edo interes partikularrak daude atzean.

Badakit akusazio gogorrak direla. Eta ez dut harria bota eta eskua gorde nahi. Horregatik, 28 Kanalean izan daitekeen debate publikorako gonbidapena egiten dut. Nik defendatuko dut eta demostratuko dut:

1. Ur kontsortzioaren azpijokoa azken hogei eta piko urteetan, herriko hodiak, berogailuak, eta abar zikinduz (troskarekin).

2. Gure patrikatik lehen 100 ordaintzen bagenituen, orain 300 ordainduko ditugula; baina, uraren kudeaketa benetan publikoa egin izan bagenu, 2013tik hona, 50 euro ordainduko genituzkeela. Beraz, hemendik aurrera, kontsortzioak 250 euro kenduko dizkigula batere motiborik gabe.

3. Hala eta guztiz ere, Ur Kontsortzioaren negozioak %400 edo gehiago igoko dira, hainbat kostu jaitsita herriko patrimonioari esker.

4. Ur Kontsortzioaren konplizitatea EAJ eta PP-rekin, ezker abertzalea legez kanpo utzi zuten garaian.

Koldo Alaña, Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!