Orain dela zortzi urte, Amarozko ero-ameslari batzuk deitu ninduten, galdetuz ea kontatzeko zerbait ba al neukan Ordizian eta Tolosan prestatzen ari ziren ipuin kontalari jaialdi eta lehiaketa batean parte hartzeko, eta nik:
- Ipuin kontalarien lehiaketa eta jaialdi baterako?
Eta hauek:
- Bai, Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia.
Eta nik:
- Ahozkotasunaren jaialdia dagoela Euskal Herrian?
Eta hauek:
- Bai, 2008tik!!!
Eta urte horretan, 2014an, Ordizia eta Tolosa aldera joan nintzen ni jaialdi horretan parte hartzera.
Erotuta eta liluratuta gelditu nintzen harez geroztik, Ahoz Aho jaialdiaren birusaz jota, guztiz erotuta eta liluratuta.
Erotzen nauena zera da: ahozko hitzak gure kulturan duen garrantzia ikusita, hau galtzeko arriskuan dagoela jakitea; igual giza seme-alabek entzun nahi ez dutelako, agian hitz horrek berak bere mundu segurua apur dezakeelako.
Eta liluratzen nauena zera da: entzuleen begiak distiratsu jartzen den unea, beren barruko tarteak hitzez betetzen direlako.
Eta behin hitza norberaren tartean sartzen denean, akabo, entzule edo kontalari (edo biak batera) bihurtu delako.
Eta hauxe bera da azken 15 urte hauetan gertatu dena: Ipuinek Euskal Herriko hainbat txoko bete dituztela, eta baita norberaren tarte batzuk ere, ikus ezinak diren horiek, baina guztiok sentitzen ditugunak gure barnean.
Antolakuntzak egindako lanari esker, eta erakundeek emandako babesari esker, Euskal Herriko kontalariok harro esan dezakegu martxoa ahozkotasunaren hilabetea dela.
Hango eta hemengo ipuinak, ahotik belarrira, gure herriko hainbat plazetan eta euskaraz!!
Euskara, gurea beti; kultura bera, bizirik.
Herria bera da kulturaren zutabe. Eta guzti hau ahoz aho, hitzez hitz, bularretik ahora.
Urtero, jaialdiaren barruan Urrezko Kalabaza banatzen da.
Urrezko kalabazadunak ahozkotasunaren unibertsoan zer esana izan dutenak izan ohi dira.
Ba nik, gaur, idatzi honen bidez Intujai Teatro-ri, Ordiziako Udalari, Tolosako Udalari eta proiektu honetan sinistu duten pertsona guztiei emango nieke Kalabaza: Ahoz Aho jaialdiaren Urrezko Kalabaza.
Zuek berpiztu duzuelako erdi itzalita genuen Euskal Herriko kontalarien sua.
Zuei esker, urtero su goxoa aurkituko dugulako negu gorria berotzeko, ipuinek botere hori baitute…
Gora ipuinak, eta gora antzerkia!