GUTUNA

Errespetua errespetuz irakasten da

Erabiltzailearen aurpegia Naiara Errexil 2022ko apirilaren 9a

Gaur bertan, apirilak 9, Amezketako eskolako futbol zelaian bizitakoaren inguruko kontakizun bat egin beharrean nago, ezin baitugu horrela segi. Amezketako eskolako haurrek Tolosako Laskorain Ikastolako haurren aurkako futbol partidua jokatu dute, Eskola Kirola ekimenaren barneko partidua. Lehen bi zatietan guztia ondo joan da. Haurrek ahalik eta ondoen jokatu dute, elkarrekiko errespetuz eta jarrera positiboarekin. Baina, hirugarren zatitik aurrera ikusitakoak ez dauka izenik, edo bai, badu: lotsagarria. 

Amezketako entrenatzaileak Laskoraingoari partidu hauetako arau bat betetzea eskatu dio, porteroa aldatzea, besterik ez; izan ere, badirudi, ezin dela partidu osoa portero berarekin jokatu. Ba, eskaera horren aurrean erabat aldatu da entrenatzailearen jarrera, eta noski, hartu duen jarreragatik partidua erabat desitxuratu da. Denetik ikusi ahal izan dut: min hartu duen haur bat lurrean zegoen bitartean parrezka sumatu dut, ezinarengatik negarrez ari zen aurkako taldeko haur bati “egin negar bai, egin negar!” hitz horiexek esan dizkio, jokatzen ari den beste haur bati “cállate, niño!” ere esan dio, eta gehiago ere izan dira, oso deserosoak guztiak, jarrera desatseginean eginak, errespetu gabekoak eta haurren kirolean sustatu nahi diren baloreen kontrakoak guztiz.

"Ezin da errespetuan hezi guk geuk errespetuz jokatzen ez badugu. Haurrek guk egiten dugun hori egingo dute eta ez guk egin behar dutela esaten diogun hori, ez ahaztu"

Ezin da errespetuan hezi guk geuk errespetuz jokatzen ez badugu. Haurrek guk egiten dugun hori egingo dute eta ez guk egin behar dutela esaten diogun hori, ez ahaztu. Zorionez edo zoritxarrez horrelaxe izan da orain artean eta horrelaxe izango da gerora ere. Uste dut haurrek oso eredu negatiboa jaso dutela. Heziketan dihardut, eta kontaezinak dira haurrak errespetuzko jokaeretan hezteko egiten ditudan ahaleginak, eskoletan egiten ditugun ahaleginak. Mesedez, larunbat goizeko partidu soil batek ez beza eskoletan egiten dugun ahalegin izugarri hori baztertuta utzi.  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!