Gutuna

Alegiako Udala eta errefuxiatuak

Erabiltzailearen aurpegia Manu Azkarate, Alegia 2022ko mar. 18a, 07:56

Alegiako Udalak, asteazkenean, martxoaren 16a,  Ukrainako errefuxiatuak aldi baterako etxean hartzeko prest dauden edo etxe hutsen bat duten herritarrentzat deialdia izenburupean, herriko ezkaratz guztietan jarritako orriez honako gogoeta egin nahi dut:

  • Azken hamarkadetan, munduan zehar gerlak, inbasioak, bonbardaketak eta genozidioak konstante bat izan dira. Adibide guztiak zerrendatzea ezinezkoa izango litzateke. Baina, Ukrainako gerla ematen ari den egun berberetan Somalian, Yemenen eta Palestinan antzeko krudelkeriak gertatzen ari dira.
  • Mendebaldeko komunikabideek foku bakarra Ukrainan jartzea, besteak ezkutatzen dituzten bitartean, adierazgarria da. Horrek, zer pentsa eman beharko liguke.
  • Orain, bat batean, Ukrainatik ihes egin dutenekiko elkartasuna, babesa, laguntza humanitarioa eta abarreko kontzeptuak bolo-bolo erabiltzen hasi diren horiek orain arte non zeuden jakin nahiko nuke. 
  • Ez dut oroitzen Alegiako Udalak idazki bat zabaltzea alegiar etxe guztietan munduko beste hainbat eta hainbat iheslarientzako babes deialdirik eginez.
  • Zer daude, lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako errefuxiatuak? Zergatik errefuxiatu batzuei Europara iristeko euren bizia arriskuan jartzeaz gain, harresiak, alanbre-hesiak eta errepresioarekin egiten diegu “harrera”?  Zergatik batzuk euren egoera legeztatu dezakete 24 orduan, era bizkorrean, eta aldiz, beste batzuk hiru urte edo gehiago pasa behar dituzte? Edo zuzenean kanporatzen dituzte? Askorentzat Mediterraneoa Europako hilobirik handiena bilakatu dugun bitartean, beste batzuk ongi etorriak dira. Zergatik?
  • Ez dut esango Alegiako Udalak eginiko deialdiak harritzen nauenik. Baina bai mingarria suertatzen dela. Mingarria oso. Are gehiago, alkatetza balizko koalizio ezkertiar baten eskuetan dagoenean (EH Bildu).

Errefuxiatu guztientzako elkartasuna eta babesa. Guztientzat, nahiz europarrak, nahiz afrikarrak, nahiz asiarrak, beltzak edo txuri-ilehoriak. Eta hipokrisiari stop!!

Manu Azkarate, Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!