Amasa-Villabonako Udalak adierazpen bateratua egin du (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE), eta asteburu honetan gertatu dena larunbatetan bertako kaleetan gertatzen denarekin lotu du. “Goizera arte luzatzen diren juerga eta parrandak, zikinkeria, bozgorailuaren erabilera...." aipatu ditu. Finean, beraiek onartu dituzten neurrien ondorioz sortutako sozializaziorako espazioak gazteak kriminalizatzeko erabiltzen ari dira, horiek zenbait txikizio eta gertakarirekin lotuz. Nahikoa da! Egun gazteok bizi dugun egoera azkenaldian aisialdiaren barruan sortu den agertokia sozializaziorako aukeren etengabeko ukapenaren, eskubideen murrizketen eta gazteok bizi dugun pobretzearen ondorio dira. Hau da, dirurik ez izateak, sozializatzeko espazio aproposik ez izateak, bizi kalitatearen beherakadak, sozializazio ereduak... eragiten dute horrelako testuinguruak sortzea, eta horrek guztiak erantzuleak ditu: sinatzaileak diren alderdiak, besteak beste.
Udalak planteatu duen aterabidea, gainera, hau da: polizia gehiago bidaltzea gazteak jazartzera, intimidatzera, erreprimitzera eta abarretara. Horrek, gauzak konpontzetik urrun, gazteok bizi dugun miserian sakontzeko eta gainbeheran dagoen gizarte eredu honetara kateatzeko soilik balioko du. Ez besterik. Egoera argia da, jendartearen arazoak konpontzeko omen diren horiek ez dute gaitasunik arazoei aterabiderik emateko eta poliziarekin harremanak estutzea da duten erreminta bakarra. Aurrerabidearen izenean hitz egitea alferrik da ekintzen bitartez erreakzionarioena bazara.
Villabonako gazteriari egungo alderdi politikoetatik kanpo mobilizatzera eta antolatzera dei egiten diogu, egungo errealitate miserablearen aurkako borrokara batuz emango baitzaio amaiera honi guztiari. Hori guztia salatzeko, zita garrantzitsua dugu urtarrilak 29an Bilbon.
Andoni Iguaran eta Aicha Olaiz, Aiztondoko Gazte Koordinadora Sozialistaren izenean