Gutuna

Atxupiaga gainetik Belabietara doan bideko putzuak eta kastoreak

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Salaberria Sorondo, Irura 2022ko urt. 19a, 07:57

Ilustrazioa: Nagore Salaberria Sorondo

Uzturre inguruan oinez edo bizikletaz ibiltzen den edonork dakienez, mendiari buelta ematen dion bidearen iparraldeko zatian putzu asko sortzen dira eta doi-doi pasatzeko moduan daude. 

Beti hala ezagutu duela esan dit norbaitek, baina azken urteotan egoera okertu ote denaren itxura hartzen diot nik; geroz eta putzu handiagoak sortzen ari dira eta lokatzak urte osoan bertan irauten du.

Azken bi asteburuotan aitzurra hartu eta putzu horiek husten saiatzeko ubideak irekitzen ibili naiz, ez zitzaidan plan hoberik bururatzen. Kanalak zabaltzen, harriak handik kendu eta hemen jartzen, lokatza mugitzen… ibili naizen ordu horietan hausnarketarako denbora tarte bat ere izan nuen, eta gogoeta horiek partekatu nahiko nituzke.

Lehena, eta agian garrantzitsuena, bide hori mantentzeko lanak udalak egin beharko lituzkeela. Garai batean baserritarrek zaintzen omen zituzten bideak, baina ez dago gaur egun bideak zaintzera igoko den baserritarrik, eta borondate onez zerbait egitera animatzen garenontzat gehiegizko lana da hor egin behar dena. 

Bigarrena, ibiltariok eragindako lokaztiak direla asko. Ea nola azaltzen dudan. Urak pilatzea eta tarteka lokatza sortzea normala da. Lokatz hori gainditzeko oinezkoek adarrak jartzea ere normala izan daiteke, baina oharkabean, kastoreen moduan, presak sortzen ari gara. Urak ahalik eta putzu gutxien sortzea nahi badugu ahalik eta azkarren ihes egiten laguntzeko bidea ireki behar zaio, eta adarrekin sortzen ditugun presa txiki horiekin urak mendian behera bere bidea egitea eragozten dugu, urak bertan pilatuz eta konpondu nahi dugun arazoa areagotuz.

Hirugarrena, auto eta motoek, eta neurri txikiago betean bizikletek ere, arazoa larriagotzen dutela. Tarte horietan lurra biguna denez, eta berezko sakonera duenez, ibilgailuek kanalak handiagotzen dituzte, eta batez ere ibilgailu pisutsuek sakonera handiagotzen dute. Horren konponbidea lehenengo gogoetarekin lotua dagoela uste dut. Gune horiek sendotzeko harria sartu behar da, lurrak berdindu behar dira, ura ebakuatzeko malda eman behar zaio… eta hori guztia aitzur txiki batekin egin daitekeena baino lan serioagoa da. Bestalde, ez dakit autoen sarbidea mugatzeko zerbait ez ote litzatekeen egin beharko. Benetan ez dakit baimenak eta araudiak nola dauden gai horretan, eta ez nuke liskar horretan sartu nahi. Ulertzen dut niri bizikletaz ibiltzea gustatzen zaidan bezalaxe, beste batzuei, beren eskubideen barruan, autoz igotzea gustatuko zaiela. Baina agian, baimen horiek ematen badira, eragiten diren kalteak orekatzeko baliabideak jarri beharko lirateke. 

Eta azkenik, laugarrena, benetan kastoreren bat dabilela uste dudala. Lehenengo asteburuan ireki nituen ubideak intentzio osoarekin itxita topatu nituen bigarren asteburuan. Putzu batean lokatz mordoxka batek ixten zuen bidea eta akzidentala izan zitekeela pentsatu nuen. Baina bigarren putzuan garbi ikusten zen berariaz jarritako tapoia zela. 
Neurri-neurriko adarra sartu kanalean eta lokatzarekin hartu urak ihes egin ez zezan. Ez zait bururatzen pertsona batek hori egin dezakeenik, ez baitut ulertzen putzuak hustea eta bidea lehortzea noren kalterako izan daitekeen. Beraz ziur nago kastoreak dabiltzala Atxupiaga gainetik Belabieta aldera doan bidean.

Nagore Salaberria Sorondo, Irura

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!