Emaitza jaso eta hau sorpresa, negatibo. Biharamunean erizainak deitu zidan, berriz ere antigeno proba egiteko. Ez nuen ezer ulertzen. Antigenoak, berriz? Protokoloa aldatu zutela eta PCR probak kasu berezietan bakarrik egiteko agindua zutela. Bigarrenez antigeno proba egin eta hara! positibo oraingoan. Umetako jolasaren antzera jasotzen nituen mezuak: maite nau, ez nau maite… PCR proba jarraituetan emaitza desberdinak jaso dituztenak ere badira.
Baina testen kontua alde batera utzita, positibo ofiziala iritsi zen eta hemen nire harridura: Osakidetzan egindako antigeno testetan positibo emanagatik ez nuela COVID ziurtagiri salbatzailea jasoko. Agiria jasotzeko organismo publikoko PCR testean positibo eman behar zela esan zidan erizainak, bere desadostasunerako.
Orduan hasi nintzen ulertzen. Hor non PCR probak ‘kasu berezietan’ soilik egitearen arrazoia. Nahiz sintomak izan, antigenoetan positibo eta medikuak COVID gaixotzat hartu, ofizialki ez dut COVIDa pasa?
Bistan geratu da martxan dauden neurri onartezinak COVID-a saihestearekin zerikusirik ez dutela. Sei hilabetez immunitatea dut, baina, ni naiz gizartearentzat arriskutsua dena, erradiaktibitatea duena eta bizitza sozial oro ukatuko zaiona. Txertatu direnak libre. Nire kasuan txertatua dagoen pisukideak kutsatu nau, bestela izan zitekeen arren. Olatu honetan agerian geratu da txertatuek kutsatzeko duten aukera eta hauen ziurtagiriaren pisua.
Helburua denok txertatzea da, baina ez gaixotasunari begira. Zer pentsa handia ematen du. Zergatik txertatu nahi gaituzte denok kosta ala kosta? Zentzurik ez duten gauza asko daude mahai gainean. Txertatu asko zein osasun langileak ere hasi dira horretaz ohartzen. Ez diezaiegun utzi birusa beraien intereserako erabiltzen, ez eta guri txotxongiloen moduan joko horren parte eginarazten!
Aran Rodas Iturriza, Berrobi