Euskal Herriko Eskola Publikoaren Sareak Aiztondo bailara osoa zeharkatzen du: Adunako Herri Eskola, Alkizako Herri Eskola, Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskola, Asteasuko Pello Errota Herri Ikastetxea, Larraulgo Herri Eskola, Zizurkilgo Otaño Herri Eskola eta San Millan Eskola. Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola guzti hauek jarraipena dute Amasa- Villabonako Erniobea BHI Institutuan.
Horrela, Aiztondo bailaran Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza sare publiko osoa dugu. Urteak eta urteak daramatzagu Aiztondo bailarako zuzendariak koordinazio bilerak hilabetero eginez, Lasarteko Berritzeguneko zuzendariak koordinatzen gaituelarik.
Bailaran eskola tipologia desberdinak egonik, arazo eta interes komun asko ditugu, eta elkarlanean aritzea oso onuragarri da guztiontzat. Bilerak eskola desberdinetan egiten ditugu, txandaka, eta helburu nagusiak Aiztondo Eskola Publiko Sare bakarra indartzea, elkarlana sistematizatzea eta eskolen arteko harremanak sendotzea dira, besteak beste.
Aiztondo bailarako eskola publikoek komunean dituzten gai asko eztabaidatzen dira: Lehen hezkuntzatik DBHrako iragaitza; Aiztondoko topaketak; Eskola bakoitzeko esperientziak eta proiektuak konpartitzea; Metodologiaren inguruko hausnarketa; Ikasleen ebaluazio sistemak eta tresnak; Eskolako ohiko funtzionamendua: klaustroa, taldeko dinamikak eta abar; Bailarako eskolen bisita gidatua; Zuzendaritzaren esku-hartzea eskolan; Hezkuntza komunitatearen harremanak; Aurrematrikulen kanpainak; Lasarteko Berritzegunearen esku-hartzea; Ekintza komunak; Hezkuntza legedia eta arautegia aztertzea; Hezkidetza eta elkarbizitza ekintzak finkatzea; Hezkuntza Saileko ikasturteroko deialdiak aztertzea eta prestatzea.
Aiztondoko zuzendarien bilerak, Aiztondoko eskola publiko guztietarako onurak ekartzen dituen funtsezko topagune dira. Azken finean, proiektu bakarra osatzen dugu: Aiztondoko Eskola Publikoaren Sarea.
Bideo honetan ikus gaitzakezue:
Amaia Zarauz (Adunako Herri Eskola), Mintxa Agirre (Zizurkilgo San Millan Eskola), Ane Juarez (Zizurkilgo Otaño Herri Eskola), Jexux Quesada (Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskola), Olatz Zumeta (Erniobea BHI), Juankar Alduntzin (Alkizako Herri Eskola), Koldo Rabadan (Larraulgo Herri Eskola) eta Onintza Elduaien (Asteasuko Pello Errota Herri Ikastetxea)