GUTUNA

Erraustegia Tolosan eta udalak erabakimenik ez?

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto Arregi 2021eko abenduaren 16a

Ingurumen Administrazioaren Legeak udalen autonomia urratzeaz gain, non gelditzen dira instituzioen arteko eskumenak eta errespetua, non elkarlana eta kogobernantza?

Mila bederatziehun eta laurogeita hamarrean onartutako Lurralde Antolamenduaren Legeak zehaztu zituen Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei eta udalei zegozkien eskumenak. Orain, ordea, udalen eskumenei eragingo dien Ingurumen Administrazioaren Legearen aurreproiektuari zuzenketa bat proposatu diote EAJ-k eta PSE-k legebiltzarrean. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzak proiektuak udalerriei inposatzeko aukera izango du aurrerantzean, Interes Publiko Goreneko Proiektuak direla argudiatuz gero.

Modu honetara, Eusko Jaurlaritzak Interes Goreneko eta Ingurumenaren babeserako proiektu moduan izendatuko balu paper-hondakinen kudeaketarako birbalorazio planta bat esaterako, eta Tolosan jarri nahiko balu, Tolosako Udalak eta herritarrok ezingo genuke ezer egin, nahiz eta proiektua udalerriaren hirigintza antolamendurako arautegiaren kontra egon. Imajinatu dezakegu Zubietan martxan den erraustegia Tolosan jartzeko proiektua egotea, eta udalak erabakimenik ez izatea?

Ingurumen Administrazioaren Legeak udalen autonomia urratzeaz gain, non gelditzen dira instituzioen arteko eskumenak eta errespetua, non elkarlana eta kogobernantza? Azken udalbatzan Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura sortzearen aurka aurkeztu genuen mozioari ezezko irmoa eman zioten Tolosako EAJ-k eta PSE-k, jakinda hori Tolosaren autonomiarentzat kaltegarria dela eta gure toki-demokrazia urratzen duela.

Krisi klimatikoari aurre egiteko erronka oso handiak izango ditugu datozen urteotan. EH Bildutik, inongo zalantzarik gabe, hirigintza planifikazioan ingurumenari kalterik egin gabe garatzeko arauak ezartzea babesten dugu. Baina horretarako, adostasunaren aldeko hautua da bidea, erakunde ezberdinen artekoa, eta hiritar zein eragileen parte hartzea lehenetsiz. Beste erakundeekin elkarlana eta akordioak erdiesteko borondatearekin egin behar dugu lan, bai, baina tolosarron ordezkari garen heinean, gure herritarren eskubide eta erabakien defentsa eginez, alderdien interesen gainetik.

Andu Martinez de Rituerto Arregi - Tolosako EH Bildu

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!