Duela astebetetik aztarnariaren deiaren zain gaude, haurren txertaketaren atarian fidatzen ez naizen PCR bat egiteko zita noiz emango. Eta nire burua galderaz betea, geroz eta gehiago haserrarazten nauten mila galdera buruan bueltaka. Zenbat pertsona ezagutzen duzue COVID-19arekin hil dena? Eta zenbat minbiziaz? Gripea nora joan da? Gobernuak ez al du nahikoa diru ZIUak eta osasun langileen kopurua handitzeko? Arakatzaile gehiago jartzeko?
Herrialde boteretsuenak txertoekin egiten ari diren geopolitika ikusita, gaur egun bizitzeko behar ditugun oinarrizko sostenguen prezioen gorakada... Non daude orain arte gobernu eta multinazionalen aurka, injustizien aurka borrokatu diren euskal borrokalariak?
Ni ez naiz txertatu. Ez da erraza hori esatea gaur egun. Ez naiz txertatu ez naizelako sei hilabetetan sortutako txerto batez fio. Eta nahiz eta ez naizen txertatu eskubidea dut gaixotzeko. Eskubidea dut gripea, COVID-19a edo katarroa harrapatzeko. Eta eskubide osoa dut nik ere ordaintzen dudan osasun-sarearen parte izateko. Bularretako minbizia duen erretzaile batek duen bezalaxe, eskiatzera joan eta hanka hautsi duen mendizaleak bezalaxe. Gaur etxean nago, agian bihar edo etzi deituko digun aztarnariaren zain, etxetik ateratzeko «beldurrez» ondokoak zer esango ote duen.
Bitartean denbora aurrera doa eta gure seme-alabek maskara jantzita jolastu eta ikasi behar dute eskolan, beldurrez sentitu behar dituzte aitona-amonak Eguberritan eta itxuraz babesten gaituen txerto batek gizartea nola banatzen duen bizi behar dute. Hauxe da XXI. mendean hiltzeko beldurrez bizi ezin diren herritarren istorioa.
Noiz arte?
Idurre Aramendi (Tolosa)