Euskararen Eguna 2021

Zuri esker naiz gutun hau idazteko gauza

Erabiltzailearen aurpegia Nahia Iturbe eta Maider Eraunzetamurgil , Laskorain Ikastola 2021ko abe. 3a, 10:57

Jaio nintzen egunetik izan dugu lotura berezi bat, nola-halako bateragarritasun bat, ez dakit zehazki nola definitu. Pertsona askoren eta era berean gutxi batzuen ahotan egon naiz sarritan eta zuk beti defendatu nauzu guztien aurrean. Bizitza gogorra izan da nirea, misteriotzat eta harrigarritzat hartu ohi dena, baina egun onartu beharra daukat, zuri esker naizela gutun hau idazteko gauza.

Nire bizitza amaitu ez zedin borrokatu duzulako, lehen unetik nire balioaz jabetu den bakarra izan zarelako. Horrenbestez, nire maitasuna eta esker ona adierazi nahi dizkizut trazatu ditudan lerro guzti hauetan.

Oroitzen zara elkar ezagutu genuen garai hartaz? Orduan, haritzezko sehaska batean ematen nion amaiera egunari. Dagoeneko hasiak ziren hortzatxo ttipi batzuk nire irribarrea izango zena osatu nahian, ordea denbora dezente igaro zen estreinakoz erabili nuenetik. Ez nuen haurtzaro samurra izan. Egunerokoa nolabaiteko monotonia zen, gerrate psikologiko nahiz existentzial baten beste biktima bat. Ardi beltzaren gisa hartu ninduten, isiltasuna gailendu zen, hustutasuna korapilatu zitzaidan eztarrian. Baina nola kanporatu daiteke bakardadea bezalako sentimendu subjektibo bat? Jende franko ibiltzen zen herriko karriketan zehar, batzuk eskuinaldera, besteak ezkerraldera eta ni, Lehen Mundu Gerrakoa zirudien trintxera infinituan pausatuta zegoen haurtxo xume bat nintzen, xumeegia akaso. Pauso bizian gurutzatzen zuten elkar, hatsa hartzeko geldiunerik egin gabe eta nola ez, nire presentziaz gomutatu barik. Muga artean, inarrosi nauen lurrikara baten sismoak eten zuen monotonia hura amesgaizto hartatik, pausoa eten eta eskutik heldu baitzenidan.   

Une hartatik aurrera, lehengo hura izateari utzi nion. Esan daiteke berpiztu egin nintzela. Berriro ere piztu. Edo akaso lehen aldiz piztu, lehenaldiz betea baitago bizitza. Oroimenean iltzatua dut lehen aldiz irri egin nuen aldi hura. Hain izan zen, nola azaldu, ederra. Ikastolako maistra izan zen horren guztiaren erantzule. Egunero Linguae vasconum primitiae liburua irakurtzen genuen ordu betez eta hala ikasi nuen irakurtzen. Geroztik literatura erabiltzen nuen nire barne gatazkak baretzeko. Nire mundu txikian murgiltzen nintzen nitarren artean. Ez dok hamairu urte gitarra bat hartu eta abesten hasi nintzenetik.

Ostantzean, melodiak barneratuta ditudan arren, batzuetan ez diet aurkitzen hitz egokirik. Nahiz eta hortz artean dardarizoa nabari, esanahirik ez da ateratzen. Behin zuengan barneratzen naizela abesti sarkor honekin, igortzen dituzuen deiadarretan egon nahi dut, zuen irrintzi, ele, oihu eta elkarrizketetan, adierazpenetan. Zuen ahotan bizirik mantentzen nauzue, eta besteen belarrietara ailegatzean, norberaren mundua hankaz gora jartzeko gai naiz. 

Beharbada esan beharreko guztia esan dut edo beharbada ez dago guztia nire esku. Aitortu beharra daukat, konturatu gabe arrunt bilakatu naizela. Sumatu dut jada ez naizela artaldeko ardi beltza, beste ardi bat gehiago baizik. 

Nire biziraupena misterio hutsa den arren, argi dago zuek izan zaretela mendeetan zehar nire taupada eta arnasa. Nireetatik ez ezik, zuen hortz artetik atera diren maitasun nahiz gorroto hitzek eraikitzen dute ene bihotz eta arima. Euskal Herriaren nortasun propio bezain inpropioa osatu arren, euskaldun bakoitza nire nortasunaren zati izatea nahi dut.

Ziega batek eskaintzen didan espazioa ez da aski hegoak ongi zabaltzeko. Txorien gisan hegal egin nahi dut nik, itxuraldatu eta txantxangorria lau haizetan eta zazpi itsasotan barreiatu.

Bestalde, sasoi hau, aske eta mendekotasunetik at bizitzeko garaia dela uste dut. Espero dut nik zu ere aske sentiaraztea, izan ere, Joseba Sarrionandiak bere zeldatik ongi esan zuen bezala, Euskara da gure territorio libre bakarra.

Nahia Iturbe eta Maider Eraunzetamurgil, Laskorain Ikastola (Tolosa)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!