Gutuna

Hitza eta ekimena indartzeko urtea

Erabiltzailearen aurpegia Alizia Iribarren (AEK) eta Kike Amonarriz (Topagunea) 2021ko abe. 2a, 13:00

Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da.

Sei urte luze pasatu dira Lorea Agirrek 19. Korrikaren amaieran hitz gogoangarri haiek adierazi zituenetik. Kontua ahalduntzea zen; ekintza aldarrikatzea, alegia. Izan ere, azken urteotan maiz zabaldu da alde egotetik alde egitera jauzi egiteko deia ere; euskararen mugimenduan, nabarmen azpimarratu izan dugu harago joateko unea zela, eta dela.

Korrikaren azken aurreko edizioan ere, Klika egiteko gonbidapena luzatu genuen; hots, hautua egiteko, konpromisoak hartzeko gonbidapena. Eta 2018an ezagutu genuen euskal herritarrok mugiarazi gaituen ekimenik praktikoena: Euskaraldia. Ekintzan oinarritutako ariketa sozial erraldoi horrek nork bere hizkuntza-ohiturak aldatzeko proposamena egin eta rol bi eskaini zizkigun: ahobizi eta belarriprest rolak. Batzuok euskaraz aritzeko konpromisoa hartu genuen, eta besteok ezinbesteko konplize bihurtu ginen euskaraz aritzeko. Bigarren edizioan, gainera, entitateetara ere zabaldu zen ariketa eta ariguneak sortzeko proposamena zabaldu zen; hau da, euskaraz eroso aritzeko espazioak.

Euskararen aldeko dinamikak hedatzen eta indartzen ari zirela, ordea, pandemia agertu zen, eta, hondamendi soziala eragiteaz gain, euskararen biziberritze-dinamika gogor kolpatu zuen. Pandemiak erakutsi digu, ikusarazi digu, gal dezakegula orain arte irabazitakoa, zaindu eta sustatu ezean. Horregatik, azken urteetako irabazia galbidean ikusi nahi ez badugu, gure hizkuntzaren iraupenak eta garapenak bultzada berriak beharko dituzte. Eta horretarako aukera bikaina eskainiko digu datorren urteak, Korrikan parte hartuta, Euskaraldian ahobizi edo belarriprest modura arituta, eta ekimenok antolatzeko batzordeetan esku hartuta.

Ate joka dugun 2022. urtean, ekimen erraldoi bi horien edizio berriak ezagutuko ditugu. Abian da jada 22. Korrikaren kanpaina, eta, udaberrian, —2022ko martxoaren 31tik, apirilaren 10era— eskuz esku joango da lekukoa Amurriotik Donostiaraino. Bestalde, 3. Euskaraldia ere aurkeztu da: 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta, aurreko bi edizioetan abian jarritako dinamikak sendotzeaz gain, herritar, entitate eta herri gehiagorengana/gehiagotara iristeko helburua ere izango du.

Beraz, 2022a euskararen urtea izan dadin lortu behar dugu, aro berri baterako abiapuntua jarrita. Hitzekin dio 22. Korrikaren leloak, eta Hitzez ekiteko garaia 3. Euskaraldiarenak. Bi ekimenen antolatzaileok argi dugu 2022a hitzaren eta ekintzaren urtea izango dela.

Gainera, bi ekimenak, biak ala biak, Euskal Herri osora zabaltzen dira. Guk Baionatik Tuterara eta Muskizetik Santa Grazira zabaldu nahi dugu euskararen aldeko dinamika, euskararen ezagutza unibertsaliza dadin, erabilera lau haizeetara heda dadin eta euskaraz eroso aritzeko guneak ugal daitezen.

Euskararen biziberritze-bide honetan, jakina, guztion ekarpena behar-beharrezkoa izango da: herritarrona, gizarte-mugimenduena, erakundeena eta era guztietako entitateena. Soilik elkarlanean eta denon bultzadaz lortuko dugu euskarak aurrera egitea, guztiok baitugu egin, eragin eta eginarazteko aukera.

Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, eta hitza beharrezkoa da ohiturak aldatzeko. Ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea, eta, inguruan eragiteko, ekintza nahitaezkoa dugu. Euskal Herri osoko euskaldunak, beraz, hitzekin ekitera animatzen zaituztegu, Korrika eta Euskaraldia batzordeetan parte hartzera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamikak sustatzera, euskarazko guneak sortzera, eta euskara erabil dadin baldintzak bermatzera zeuen entitateetan edo ingurunean.

Korrikarekin nahiz Euskaraldiarekin, berriz kalera ateratzeko garaia da.

Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!