GUTUNA

Zaindu maite duzun hori!

Erabiltzailearen aurpegia Ainize Lasa eta Miren Egunez, Amezketako haur eskolako hezitzaileak 2021eko ekainaren 7a

Amezketako familiei eskerrak emanez hasi nahi dugu idatzi hau; izan ere, jakina da, aurtengo ikasturtea hasteko erabakia hartzea zeinen zaila izan den ditxosozko COVID-a dela eta. 

Ikasturtearen balorazio bat egin asmoz zuzentzen gatzaizkizue. Horretarako iazko ikasturtea nola amaitu genuen gogora ekarriz, bat batean haur eskola itxi beharrean aurkitu ginelarik martxoan, familiak behar bezala agurtu ere egin gabe, erabateko noraezean... Denbora aurrera zihoan heinean, kokatuz joan ginen eta haur eskolarako itzulerako ideia borobilduz, pixkanaka protokoloak lantzen eta haurrak haur eskolara itzultzeko bidea urratzen joan ginen.

Errealitate berri honek sortzen duen kezkak ordea ez du alboratu aurtengo ikasturtea martxan jartzea. Ikasturtea aberasgarria izan zaigu hezitzaileoi, aukera paregabea izan dugu egunerokoan haurren beharretatik abiatuta ikaskuntza batean murgiltzeko, kalitatezko lanketa bat burutuz. Herri txikietako haur eskolek beste edozein herrietan  bezalako  kalitatezko zerbitzu bat merezi dutela sinisten dugu!


Eskerrak eman beraz Amezketako haur eskolako familiei eta hezkuntza komunitate osoari guregan erakutsitako konfiantzarengatik eta datorren ikasturteari begira herriko familia berriak ere animatzen zaituztegu zuen haurrak gure proiektuaren parte izatera, elkarren arteko zaintza sustatuz,  Ruperrek bere kantan dioen moduan zaindu maite duzun hori.

Ainize Lasa eta Miren Egunez, Amezketako haur eskolako hezitzaileak

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!