Gutuna

3. urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz Talde Feminista, Amasa-Villabona 2021ko mai. 20a, 07:57

Bultzada feminista handiko urtea izan zen 2018a eta martxoaren 8ko manifestazioaren ondorioz, emakume talde batek lanean jarraitu genuen eta gaurko egunez, maiatzaren 20an, Lurgatz Talde Feminista gisa eratu ginen.

Hasieran, gure helburu nagusia lokal bat lortzea izan zen, bertan bildu eta besteak beste, gure gauzak gorde ahal izateko. Aurreko udalaren ezezkoaren aurka borrokatu behar izan genuen eta ezinezkoa izan zen lokalarena ahalbideratzea. Ondorengo udalak, Arroako lokala alokatu eta berarekin akordioak lortu genituen Txoko Morea sortuz.

Ordura arte, lokalik ez izateak ahalegin berezia suposatu zuen gure lanean baina hainbat jarduera egitea lortu genuen, hala nola emakume migratzaileekin elkartzea, Aljibean esperientziak trukatzea, Martxoaren 8ko eta Azaroaren 25eko ekitaldiak prestatzea. Denbora horretan guztian, Aiztondoko emakume eta gazteekin ere partekatu ditugu jarduerak eta esperientziak eta guztien artean sare on bat ehundu dugu, bultzada eta indar handia eman diguna emakumeen hilketen eta erasoen aurrean erabakitasunez eta irmotasunez jokatzeko.
Horiekin batera antolatu genuen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren harrera ekitaldia eta aurten Aiztondoko emakume gazteek antolatu dute Martxoaren 8ko manifestazioa.

Tolosaldeko emakumeekin sareak ehuntzen ari garela ere esan behar dugu (adibidez, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen proiektuarekin bat egiten dugu) eta Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin harremanetan gaude.

Pandemia garai honetan ez ditugu gauzak erraz izan; mundu guztiak bezala, eta aurrez aurre nahiz lan telematikoa eginaz, bi mahai-inguru indartsu eta interesgarri antolatzea lortu dugu.

Une honetan ez gaude indarrez gainezka baina bai ilusioz beterik zapatistekin partekatuko ditugun esperientzi eta proiektuen aurrean. Zapatistek beren arteko eta lurrarekiko harremanak izateko moduak eta moduak erakutsi nahi dizkigute eta guk gureak aurkitu.

Txoko Morea inaugurazioaren zain dago, merezi duen bezala. Egoera pandemikoa gainditu bezain laster egingo dugu.

Ikusten duzuenez, plan onak eta erakargarriak ditugu etorkizunari begira eta emakume gehienekin partekatu nahi genituzke. Sareak ehunduz, gogor eta zapaltzeko asmoz datorren heteropatriarkatuari aurre egin ahal izango dugu. Gora borroka feminista!

Lurgatz Talde Feminista, Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!