Estatu sionistaren eraso berri hau lurralde okupatuei, eta bereziki, Gazari, historikoki ezarritako zigor politikaren zati bat da, biztanleriaren bizi baldintzak kolapsatzea ekarri duena. Elektrizitatearen, edateko uraren eta osasun sistemaren eskasiarekin batera, Israelgo Gobernuak palestinarrei txertoak emateari uko egin dio azken hilabeteotan.
Ramadanean zehar Israelgo Estatu aparatuak probokazio sistematikoa egin du Jerusalem okupatuan: zeremonia erlijiosoak egiten diren guneak itxi zaizkie, Kolono israeldarren alde familia palestinarren kaleratzeak areagotu ditu, eta abar.
Probokazio horien aurkako protestak areagotu egin ziren eta urteetan palestinarren mobilizazio handienak piztu ziren. Bonbardaketak hasi aurreko egunetan, poliziak Jerusalemgo Al Aqsa meskita barruan bortizki kargatu zuen. Maiatzaren 7an, kautxuz estalitako balak, gasa eta granadak erabiliz 200 zauritu eragin zituzten eta beste 300 hurrengo egunetan.
Gazako zigor operazioa Israelgo historiako politikaren krisi sakonenaren erdian gertatu da. Bi urte eskasean lau hauteskunde izan dira eta Netanyahu epaiketa prozesuetan dabil. Horregatik erabaki du poliziaren errepresioarekin eta beste erasoaldi militar batekin erantzutea.
Era berean, sarraski honek Joe Bidenen Gobernuaren fartsa argitzen du. Wall Streeten zerbitzura dagoen presidente estatubatuarrak, Trumpek Israelekin zuen atzerri politikarekin jarraitzen du. Europar Batasunak ere sarraskia babesten du eta Espainiako Gobernuari dagokionez, beraiek diotenez «historiako aurrerakoienak» izanik ere, lerro berdinak dituzte: eskatu duena «deseskalada» bat eta Gazatik suzirien jaurtiketa gelditzea izan da.
Euskal Herrian, izen abizenak daude Ekialde Ertaineko gerretan interes ekonomiko zuzenekin: armen negozioan, esaterako, Jokin Aperribay -EAJrekin dituen hartu eman agerikoekin- eta bestetik, okupazio sionistan aktiboki lagundu nahi duten CAFeko enpresariak ere hor kokatzen dira.
Horren aurrean, mundu osoan zehar, Londrestik Bagdagera, mobilizazio ikaragarriak egiten ari dira genozidio hau behingoz geratzeko eskatuz; eta baita hemen, Tolosan ere. Hortik hasten baita eraiki dezakegun barrikadarik indartsuena: hemen nahiz Ekialde Ertainean euren aberastasunak pilatzeko zapalkuntza basatiena inposatzen duen klase kapitalistarekin amaitzeko langile klasearen borroka altxatzea. Eta bere garaian Marxek eta Engelsek esan zuten bezala, «munduko langileria elkartu gaitezen» sarraski hau behingoz gelditzeko, eta miseria besterik eragiten ez duen sistema honekin amaitzeko; finean, sozialismoaren alde borrokatzeko.
Gora Palestinako herriaren askatasunaren aldeko borroka! Ekialde Ertaineko federazio sozialista baten alde!
Manu Odriozola eta Jesus Aranzegi, Ezker Iraultzailea - Euskal Herria Sozialista