Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitale publikoa Tolosan

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea 2021ko mai. 11a, 07:57

Tolosarrei emandako hitza beteaz, hilabeteak daramatzagu lanean eta urrats sendoak egin ditugu azkenaldian, eskumena duen erakundearekin, Eusko Jaurlaritzarekin, elkarlanean Tolosako eta eskualdeko beharretara egokitutako ospitale publikoa eraikitzeko. Horixe baita gure konpromisoa eta apustua. 

Lehentasun eta helburua da ospitale berria Tolosan kokatzea; eskualde-buru izateaz gain, duela urte batzuetatik hona eskualdeko ospitalea ere gurean kokatuta egon delako, eta beraz, zentzuzkoena litzateke ospitale berria Tolosan kokatzea, biztanle gehien dituen herriari zein eskualde osoari zerbitzua emateko, Tolosak Tolosaldeari beste hainbat alorretan eskainitako zerbitzuen sorta osatuz: Lanbide Heziketa, adineko pertsonen zerbitzu eskaintza, epaitegiak, ogasuna, suhiltzaileak...

Premisa horretatik abiatuta, Tolosako Udalari eta udal gobernu honi dagokio ospitale berriaren kokapenerako eremuen azterketa egitea. Lehen azterketaren ondotik, une honetan, azterketa tekniko horrek mahai gainean jarritako lau kokaleku bideragarrienak zehaztasunez aztertzen ari gara behin betiko kokalekua definitzeko. 

Informazioa, une oro, herritarrekin, udaleko alderdi politikoekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin partekatu dugu. Jaurlaritzak egokitzat jo du ospitalea suhiltzaileen pareko aparkalekuko eremuan eraikitzeko proposamena, baina, azken erabakia hartu aurretik, beste hainbat alderdi kontuan izanda aztertzen ari gara 4 eremuak, eta ondoren jarriko dugu abian Tolosako Hirigintza Plan Orokorraren aldaketa. 

Hirigintza Plana egokitu ondoren, Eusko Jaurlaritzak garatu eta zehaztuko ditu, bere eskumenen barruan, eskualdeko ospitale berriaren eredu eta ezaugarriak. Urrats asko geratzen dira oraindik, eta horiek erakunde bakoitzak, norbere eskumenen-eremuan egin beharko ditu; udal gobernu honek ez du etsiko eta lanean jarraituko du. Proiektu hau aurrera eramateko bermerik garbiena da, honetan eskumena duenak, Eusko Jaurlaritzak, legealdi planean proiektu hau gauzatuko duela jasota izatea. 

Beraz, utz ditzagun atzean helburua lortzen laguntzen ez diguten estrategia politiko eta eztabaida antzuak, batu ditzagun indarrak eta jarrai dezagun lanean herritarren beharrei erantzuteko.

Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!