Gutuna

Sektore publikoaren grebaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Jesus Mari Aranzegi eta Manu Odriozola. Ezker Iraultzailea- Euskal Herria Sozialista 2021ko api. 21a, 15:04

ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek greba orokorra deitu dute sektore publikoan, apirilaren 22an EAEn. Ezker Iraultzailetik gure babes osoa adierazi nahi diogu deialdi honi.

Zalantzarik gabe, aurrerapauso handia da azken hilabeteetan kaleek hartu dituzten borroka guztien indarrak bateratzeko eta eskubide oinarrizkoenen kontura negozioa egin nahi dutenengandik gure zerbitzu publikoak defendatzeko.

Premiazkoa da EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren murrizketa eta pribatizazio politika kontzientearekin amaitzea, administrazio honek milaka langileri ezartzen dizkien behin-behinekotasunarekin eta prekarietate baldintzekin amaitzea, horiek finko eginez. Osasuna, Hezkuntza eta funtsezko zerbitzuetan beharrezkoak diren milaka enplegu publiko sortzea eta zerbitzu subrogatu eta pribatizatu guztiak berehala publifikatzea beharrezkoa da, plantillak mantenduz eta langile publiko bihurtuz.

Eusko Jaurlaritzak berak aitortzen duenez, EAEko sektore publikoak du Espainiako estatuko eta Europako behin-behinekotasun tasarik handiena. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 10 langile publikotik lau modu prekarioan daude, guztira, 50.000 pertsona. Zerbitzu publikoen degradazio eta abandonuarekin batera doa pribatizazio prozesua. Hori izan da EAJren ekinbidea hainbat hamarkadatan zehar.

Egoitzetako, haur eskoletako, etxez etxeko arretako, jantokietako, Osakidetzako eta hezkuntzako langileek hainbat mobilizazio egin dituzte egoera salatzeko. Pandemiak ikaragarri argi utzi du zerbitzu horien subrogazioak, prekarietateak eta murrizketek dituzten ondorio katastrofikoak, bai langileentzat, bai gure klase osoarentzat. Sektore hauek geroz eta zailtasun gehiago dituzte oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko, osasunean, hezkuntzan, mendekoen arretan edota adinekoen zaintzaren alorrean.

Hain zuzen ere, borroka horiek bultzatu dute apirilaren 22an deitutako greba orokorra. Aurrerapauso handia da, baina hain urrun iritsi da oinarrizko zerbitzuen pribatizazioa, ezen sektore publikoko langileen indarrak batu behar baitira pribatizatu diren zerbitzuetakoekin, horiek publifikatzeko eskatuz eta prekarietateari amaiera emanez. Indarrak are gehiago bateratu daitezke eta bateratu behar dira, prekarietateak eta borrokek ez baitiote soilik sektore publikoari eragiten.

EAEn azken hilabeteetan langileen erantzunak ez du etenik izan: sektore aeronautikoko enpresen manifestazioak, Ertzaintzak bortizki jazarri zuen Tubacexeko langileen borroka, Aiaraldeko mobilizazioak, urtarrilaren 30ean 50 batzordek eta hainbat kolektibok Gasteizen deitutako mobilizazioa, Mercedes Benzen protestak, zahar egoitzak, eskola jantokiak eta garraioa, Sestaon desindustrializazioaren aurka A-17an egindako manifestazioan parte hartu zuten milaka pertsonak eta abar.

Sektore publikoaren greba oso albiste ona da. Hurrengo urratsak borroka bateratzea eta are gehiago zabaltzea izan behar du ekoizpen-sektore guztien greba orokor batean, iazko urtarrilaren 30ean egin genuen bezala. Horrela eman behar dugu kolpea, guztiok batera, murrizketak, kaleratzeak eta esplotazioa inposatzen digutenen eta haien zerbitzura dagoen EAJ-PSEren Jaurlaritzaren aurka. Beharrezkoa da 2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorrerako sortu ziren greba batzordeak berraktibatzea eta goranzko norabidean mobilizazio egutegi bat planteatzea, Gutun Sozialak aurkeztutako aldarrikapenak berreskuratu eta zabalduz.

Bizi dugun krisia ez da hilabete batzuetan desagertuko den koiunturazko zerbait, ezta jasaten ditugun erasoak ere. Gure aldarrikapen guztiak guztiz posible dira, baina horiek lortzeko alternatiba iraultzaile baten aldeko apustua egin behar da, gure klasearen mobilizazio bateratuan oinarrituz: pribatizatutako sektore, enpresa eta zerbitzuak publifikatzea, banku eta enpresa handiak kapitalisten eskuetatik desjabetzea eta langileen kontrol demokratikoan jartzea, irabazi pribatuaren arabera beharrean, ekonomia gizartearen beharren arabera planifikatuz.

Pribatizaziorik, murrizketarik eta prekarietaterik ez! Zerbitzu publikoen alde!

Jesus Mari Aranzegi eta Manu Odriozola
Ezker Iraultzailea- Euskal Herria Sozialista

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!