Gutuna

Bizikleta aparkalekuak

Erabiltzailearen aurpegia Ander Figuerido Zubiria, Tolosako EH Bilduko zinegotzia 2021ko api. 21a, 07:58

Orain gutxi jarri dute bizikletentzako aparkaleku berria musika eskolaren atzealdean, estalki eta guzti, Tolosako udal gobernuak jakitera eman duen moduan. Estalki motaren eraginkortasun zalantzak alde batera utzita, pozten gara bizikletaren erabilera sustatze aldera horrelako azpiegiturak ezartzeaz. Dena dela, Tolosan bizikletak aparkatzeko toki eskasia oraindik agerikoa eta larria da, eta ez da arlo honetan dugun gabezia bakarra. Arazo hauei irtenbide zabalago bat ematea premiazkoa da.

Tolosako EH Bilduko udal taldetik 2019ko azaroan udal gobernuari luzatu genion akordiorako proposamenaren baitan mugikortasunaren paradigma aldaketaren beharra azpimarratu genuen (Oinezkoak>Bizikleta/patinak eta abar>Garraio publikoa>Garraio pribatua), eta bide horretan hainbat neurri proposatu genituen.

Ezinbesteko ikusten dugu Tolosako bidegorri sarea birpentsatzea dituen gabeziak deuseztatzeko, hauek jartzea zail ikusten den tokietan ibilbideak zehaztu, lehentasunak finkatu eta bizikleta, patin elektriko eta abarren erabilera arautzea premiazkoa den bezala, hauen erabilera egokia sustatuz kaleko bizikidetza bermatzeko, eta errepideetan bizikletari lehentasuna eman behar zaio herrigune osoan. Era berean, bizikletak konpontzeko puntuak jarri behar dira, eta aparkaleku falta gainditzeko, utzitako bizikleta kopuru izugarria kendu, aparkaleku gehiago jarri eta, dauden lokal huts kantitate handia ikusita, batzuk eskuratu eta bizikletak gordetzeko egokitu. Neurri guztiz egingarriak eta ekonomikoki bideragarriak.

Arlo honetan ekintzak areagotu beharko ditu udal gobernuak benetan mugikortasun jasangarria bultzatu nahi badu.

Arazoak konpontzeko moduak ere aldatu behar ditu udal gobernu honek, eta hainbestetan ahotan darabilten gobernantza eredu berria benetan aplikatu. Ez da onargarria esaterako, alde zaharrean dagoen aparkaleku falta dela eta Berdura plazan pilatzen ziren bizikleta guztiak dekretu bidez 24 ordutan erretiratzeko agintzea, inongo irtenbiderik eman gabe. 2020ko azaroaren 10ean izan zen hori, eta orain gutxi arte itxaron behar izan dute bertako bizilagunek aparkaleku gutxi batzuk gehiago eskura izateko, gutxiegi nolanahi ere.

Tolosako EH Bildutik elkarlanerako gure prestutasuna mahai gainean jarri nahi dugu beste behin, benetako mugikortasun jasangarri batean inbertitzeko eta Tolosa osasuntsu eta atseginago bat lortzeko.

Ander Figuerido Zubiria,  Tolosako EH Bilduko zinegotzia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!