Gutuna

Guk ez daukagu imajinatu beharrik

Erabiltzailearen aurpegia Ane Aldalur Agirrezabala, Bedaio 2021eko apirilaren 14a

Egunero makina bat dei egiten dugu arrazoi ezberdinengatik: autoa martxan ez dabilelako, garbigailua izorratu delako edo lagun bat zoriontzeko, esate baterako. Beharrezkoa da telefonoa. Eta batzuetan hil ala bizikoa ere bai. 

Imajinatu zure etxean ondoezik sentitzen zarela eta telefono linea ez dabilela. Imajinatu larri dagoen lagun bat etxean duzula eta telefono linea ez dabilela. Imajinatu, 112ra deitu, anbulantzia zu artatzera joan, eta sorosleak medikuari ezin diola deitu telefono linea ez dabilelako. Imajinatu larrimin hori.

Guk ez daukagu imajinatu beharrik, azalean bizi izan dugulako. Izan ere, XXI. mendean sinesgaitza iruditu arren, Bedaion (Tolosa), telefono finkoa izorratuta egoten da hirutik bitan, azpiegiturak ez direlako behar bezala zaindu eta telefono konpainiaren aldetik utzikeria handia dagoelako. Eta gainera, ez dago ia estaldurarik. Egin daitekeen dei bakarra 112 da.

Landa-eremuko herritarren bizi-kalitatea helburu, Tolosako Udalari edo dagokionari, eskatzen diogu beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta Bedaioko komunikazio-azpiegituraren sarea behin betiko konpontzeko.

Ane Aldalur Agirrezabala, Bedaio

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!