Gutuna

Hartutako erabakien ondorio, gaurko Tolosa

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Amantegi, Tolosako Ingurumen zinegotzia 2021eko martxoaren 25a

Bereziki azkar, bereziki indartsu, bereziki eder esnatu da aurten udaberria. Nire kafe beroaren lurrinak, kaleko behe lainoa bultzatuz, argitzen hasten dira japoniar gereziondoak etxeko leiho azpian. Maluta leun, goxo, zuriek ateratzen naute gaueko ametsetatik, egun argiko ametsetara eramateko. 

Begi bistaz pasatzen ditut behin eta berriz eta nik bezala, ibiltari goiztiarrenek ere erreparatzen diote gereziondoen edertasunari. Zeharka, korrika, patxadaz oinez pasatzen direnek. Argazkiak ateratzen jarrita, asko eta asko.  
Gure herrian magnoliak dira udaberriaren adierazle. Zumalakarregikoak datozkit gogora. Zuri, hauskor, zuhaitz babesgabearen lore biluztua. Sendoago, indarrez, arrosa kolore bizian, esnatzen da Kondeaneko Aldapa. Su artifizialak Zabalarreta parkean. Ederra eta piztia bezala, magnolia ederra zedro izugarriaren kontra Oriaburuko lorategian. 

Egun argiko ametsetan barrena Arrameleko zubiraino, Belateko esne-bide zuri bukaezina begi bistan dugula. Errekaren beste aldean Arkauteko lorategian, platanondoak  eta berde dirauten hagin eta sekuoiak. Belazearen berdetasun argitsuak ematen dio borobiltasuna. Eta lorategitik, lorategira, zuritik arrosara, arrosatik horira: Norbegiarren lorategia. 

Eta ametsen munduan Oria ibaiaren gainetik, duela urte batzuk inork irudikatuko al zuen ibaia horrela? Berazubi, Zumardi, Arramele. Martin arrantzalearen baimenaz eseri naiz Zezen Plaza azpiko sahats negartiaren adarrean. Asko maite dut. Bera da aro berriko Oriaren magala berreskuratu zuen lehena. Eta pasako dira egunak, hilabeteak, urtaroak. Berdez, horiz, gorriz, laranjaz estaliko da Tolosa. Iurramendi pasealekuko ezkiak babestuko gaituzte berorik gogorrenetan. Betiko platanondo apal eta zintzoek beteko dute bere funtzioa, Trianguloa plazan, San Frantziskon, Araba etorbidean. 

Eta etorriko dira gora Zabalarretako pago, haritz eta gaztainondoak, baita ere Zumardiaundi eta Zumarditxikikoak. Elosegi parkea izango da, den guztia. Altxor berde, bizitzaren kutxa magikoa.

Eta Gernikako Arboleko ginkoa izango da urtaroei urrezko zigilua jarriko diona. Oparituko dizkigu milioika urre koloreko bihotz forma duten hostoak, eskertzeko azken urteetan jasotako zaintza.

Eta eguzkia ezkutatzearekin batera, zaintzaile, zaindari eta zelatari gelditzen dira zedro erraldoiak, Tolosaren azkeneko mendearen istorio osoa gordetzen dutenak. Beraiek esan diezagukete, eta beraiek bakarrik, nork amestuko zukeen gaur bizi dugun Tolosa; gaurko Tolosa garai batean eta baita ere azken urteetan hartutako hainbat erabakiren ondorio baita.

Patxi Amantegi, Tolosako Ingurumen zinegotzia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!