Gutuna

Batasunean datza langileon indarra

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sarea 2021ko mar. 25a, 09:30

Urte bete igaro da jadanik Tolosaldeko Autodefentsa Sarea aurkeztu genuenetik, langileon arteko elkartasuna saretu, lan munduko gatazkei aurre egin eta sektore zaurgarrienei laguntzeko asmoarekin. 

Aurkeztu eta hilabete batzuetara COVID-19aren pandemia zabaldu zen, baina ahal izan genuen moduan, ematen ari ziren lan gatazkei eusteko hautuarekin jarraitu genuen. Izan ere, birusarekin irekitako egoerak krisialdi ekonomikoa areagotu zuen, burgesiaren ofentsiban sakonduz eta lan gatazkak biderkatuz (ERTE edo kaleratzeak kasu). Testuinguru horretan, babesgabetasun egoeran zeudenei asistentzia juridikoa eman eta lan gatazkei begira elkartasuna antolatzeko dinamikak jarri genituen martxan. Hala ere, beharrezkoa egin zaigu egoera berrira egokitu ahal izateko indarrak bildu eta hausnarketa ezberdinak aurrera eramatea.


Lehendik esan izan dugun bezala beharrezkoa iruditzen zaigu soldatapeko lanaz harago ere langileon antolakuntza sustatzea, gizarte kapitalista osotasunean gaindituko duen prozesu bat gorpuzten joateko. Poztekoak dira, beraz, azken urteetan gizarteko esparru ezberdinetan burgesiaren ofentsibari aurre egiteko garatu izan diren antolakuntza espresioak. Zentzu horretan, bereziki aipatzekoak dira langileon autoantolakuntza eta prozesu sozialista zabaltzeko lanetan ari diren antolakunde eta kolektiboak. Horregatik, Tolosaldeko Kontseilu Sozialista dugu erreferentzia politikotzat eta eskualdean langileon antolakuntza bultzatzeko lankidetzan arituko gara. 


Autodefentsa saretik martxan jarriko dugun jardunari dagokionez, zenbait alderdi aipatu nahiko genituzke. Batetik, soldatapeko lanean ematen diren gatazkak irabazi eta bizi baldintzak hobetzen joatea helburu izanik, horretarako eraginkorrak diren antolakuntza forma zein tresnak garatzen joatea izango dugu erronka nagusiena. 


Bestetik, soldatapeko lanaz gain langileok behar beharrezko ditugun diru sarrerak lortzeko beste zenbait bidetan ematen diren problematikei ere helduko diegu etorkizunean.


Datozen hilabeteetan alderdi horien bueltan jarduteko nahia azaleratu nahiko genuke, beraz eskualdeko langile orokor irabazien problematikan dituen arazoak gainditzeko pausoak ematen saiatuko gara. 


Aitortu beharra dago denontzat bizi baldintza berdinak lortzeko oraindik lan handia dugula aurretik, baina ezinbestekoa da gaurdanik antolatzen hasi eta indarrak batzen joatea. Horregatik dei egiten diegu langileei dinamika ezberdinetan parte hartu eta elkartasuna saretzera, batasunean aurkitzen baita erasoei aurre egiteko indarra.

Tolosaldeko Langile Autodefentsa Sarea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!