Ikasturte gogorra izaten ari da aurtengoa. Egoera ezegonkor honek zailtasun ugari ekarri ditu ikasleongan: orokorrean dagoen osasun berme ezari, hezkuntza kalitatearen beherakada gehitu behar zaio, eta hau gutxi balitz, oinarrizko eskubideen urraketa eta autoritarismoaren gorakada nabarmena pairatzen ari gara ikasleok .
Gauzak horrela, IKASeko kideok ikasleen hitza entzuteko mekanismo ezberdinak jarri genituen martxan; hala nola galdetegiak, testigantza bilketak... eta ondoren, entzunak izan zitezen, hauen sozializazioari ekin genion, jakitun baikara gaur egungo hezkuntzan ikasleon hitzak duen balio eta eragin urriaz, baita zuzenki ikasleok interpelatuak garen erabakietan ere. Guk, ikastetxeetako errealitatea ezagutu ahal izateko, ikasleon ahotsa entzun nahi genuen.
Ikasleen testigantza eta bizipenek, errealitatea Hezkuntza Ordezkaritzak eta zuzendaritza taldeek mediatikoki islatu nahi izan dutenaren oso bestelakoa dela erakutsi digute. Ateratako ondorio nagusiak ondorengoak izan dira: Batetik, Covid-19a aitzakiatzat erabili da ikastetxeetan modu arbitrarioan hartutako erabaki eta jarrera autoritarioak justifikatzeko. Hau da, osasunaren izenean, ikasleon aurkako gehiegikeriak eta tratu ankerra areagotu egin dela aurtengo ikasturtean. Honen adibide garbia dira ikastetxe batzuetan emandako segurtasun kamerak jartzea edota kontrol plataforma birtualen erabileraren gorakada, esaterako. Eta bestetik, errealitatea oso bestelakoa da ikuspegi sanitariotik, ikastetxeak ez baitira leku seguruak birusaren kutsatzeari dagokionez. Ikasturte osoan zehar ohikoak izan dira ikasgeletan emandako kutsatze eta konfinamendu masiboak, ikasleen egonkortasunik eza, familiako kideen osasunaren etengabeko arriskatzea, baita kide zaurgarriena ere...
Bi ondorio hauek ateratzearen arrazoiak gure eskualdean, adibidez, ondorengoak izan dira. Pasa genuen inkestaren arabera, inkesta erantzundako ikasleen ia %80ak dio ikasturte honetan, pandemiaren aitzakiapean, askoz kontrolatuago sentitzen dela ikastetxean. Eta %60ak dio Inika edo Alexia bezalako kontrol plataformen erabilerak gora egin duela aurtengo ikasturtean. Kutsatzeei dagokionez ere, ez dira gutxi gertatutakoak, eskualdeko ikastetxe ia guztietan eman baitira kutsatzeak, konfinamenduak... aurtengo ikasturtean zehar.
IKASeko kideok badakigu, baina, autoritarismoa ez dela pandemiarekin batera etorritako arazoa: egungo hezkuntza sistemaren berezko tresna baita, bere funtzio nagusia betetzeko ezinbesteko tresna, alegia. Hala eta guztiz ere, pandemiaren ondorioz honen gorakada eman denez, IKASetik borroka prozesu ezberdinak eraman ditugu aurrera, bai Euskal Herriko zenbait ikastetxetan, baita gure eskualdean ere. Borroka prozesu ezberdinak abiarazteaz gain, ikastetxeetan eman diren jarrera autoritarioak biltzen joan gara, eta urrutira joan gabe, gure eskualdean, jarrera autoritarioren ia 10 testigantza jaso ditugu azken hilabetean.
Beraz, IKASeko ikasleok argi daukagu: ez ditugu onartuko osasunaren izenean gure eskubideak urratzea ez eta gure aurkako gehiegikeriak ematea ere. Horregatik, abenduan martxan jarri genuen autoritarismoaren aurkako kanpainak martxan darrai, eta martxoaren 25ean kaleak hartzeko deia luzatzen diegu Tolosaldeko ikasle guztiei. 11:00etan Trianguloa plazan bilduko gara, hezkuntzako egoera tamalgarria salatu eta autoritarismoa irmoki seinalatzeko. Pandemiak hezkuntzan ekarri duen egoera ezegonkorraren ardura ez da ikasleona, eta nazkatuta gaude gure aurkako jarrera autoritarioez.
Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaña!
Axier Gurrutxaga Elizburu, Tolosaldeko IKAS