Gutuna

Gazteok Independentzia!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko Ernai 2021ko mar. 16a, 17:30

Espainiar inperioak Nafarroa menpean hartu zuen indarrez 1512.urtean, Frantziar inperioak, berriz, 1620an Nafarroa Behearen burujabetza bertan behera utzi zuen.

Geroztik, gure hizkuntza, kultura eta burujabetza nazionala ezabatzeko ahalegin guztiak egin dituzte bi estatuek.

Iragan inperialista eta genozida duten egitasmo politikoak dira Espainia eta Frantzia. Espainian, faxismoaren erroak sasi-trantsizio batekin ezkutarazi nahi izan zuten; eta bien bitartean, haien erregimenaren oinarriak “lotuak eta ongi lotuak” utzi zituzten Juan Carlos Borboitarraren izendapenarekin, besteak beste. Herrien hiltzaile izatetik, herrien eta demokraziaren kartzela izatera igaron den estatuan, Frankismoaren herentzia zuzena dugu monarkia.

Espainiar Estatuak agerian utzi du bere izaera antidemokratikoa bere aparatu polizial, juridiko eta mediatikoaren bidez. Horren adibide da Pablo Haselen espetxeratzea, urriaren 12ko ekintzarengatik ezker independentistako 16 kide deklaratzera deitu izana eta Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako espetxe zigorra, besteak beste.

Pandemiari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz, espainiar zein frantziar estatuen jokaera autoritarioa begi bistan gelditu da. Herri izaera ukatu digute, indar polizialen bidez mugak inposatu dizkigute eta gure herrian aske ibiltzeko eskubidea kendu digute. Estatu antidemokratiko eta ustel hauen aurrean, milaka dira dependenteak izateari utzi eta Euskal Estatua eraikitzeko arrazoiak: hezkuntza eredu herritarra eraikitzea, enplegu duin baten aldeko borroka, etxebizitza eskubidea bermatzea, hizkuntza eskubideak bermatzea, jendarte feminista eraikitzea....

Bide horretan, Tolosaldeko gazteok independentzia aldarrikatuko dugu datozen asteetan: hasteko, datorren martxoaren 19an, bertso saioa antolatu dugu Tolosako Topicen, 17:00etan, eta bertan izango dira Joanes Illarregi, Maddi Aiestaran, Ane Zubia eta EkhinĖƒe Zapian, Ander Goikoetxea 'Andriu'ren gidaritzapean. Sarrera doan da, eta gonbidapenak Villabonako Iratzarren, Anoetako Arkupen eta Itzulin, eta Ibarrako Atarin eskura ditzakezue. Apirilaren 3an Oiartzundik Bianditzera igoko gara independentzia aldarrikatzera, eta apirilaren 17an Chill Mafia + Ben Yart, Burutik eta XSakara taldeen kontzertuak izango dira Tolosako Topicen. Laster zabalduko dugu ekintza hauei buruzko informazio gehiago.

Gazteok ez ditugu onartzen geure herria zapaldu eta ukatzen duen estatuen agindu ezta inposiziorik ere. Herri, emakume zein langile gisa zapaltzen gaituzten estatuen aurrean, gazteok independentzia!

Tolosaldeko Ernai

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!