GUTUNA

Azaldu zure elkartasuna sahararrei larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia

Otsailaren 27an, larunbata, 45 urte beteko dira Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zuenetik.

Une kritikoa zen Saharar nazioarentzat. Espainiako potentzia kolonialaren presentziaren azken egunak ziren, eta Marokok eta Mauritaniak okupazio saiakerak hasi zituzten. Fronte Polisarioak Mauritaniakoen saiakerak geldiaraztea lortu zuen, baina Marokoko tropak ezin izan zituen gainditu, besteak beste, Frantzia bezalako herrialdeen lankidetza erabakigarriari esker. Izan ere, Mendebaldeko Sahararen lurraldea okupatuz, garbiketa etnikoa egiteko helburu argia erakutsi zuen; behin eta berriz bonbardatuz napalma edo fosforo zuria bezalako produktu kimikoekin. Aljeriara babes bila ihesi zihoazen agure, emakume, ume eta baita beren lurraldean mantentzen ziren sahararrak ere. Hamabost urte luzeko gerraren ondoren, 1991n Marokok eta Mendebaldeko Saharak, NBEn babespean bake akordioa sinatu zuten, besteak beste, saharar herriaren autodeterminazio erreferenduma egiteko konpromisoa hartuz.

Harrezkero guztiok dakigu zer gertatu zen. Marokok ez du deialdia egin eta NBE ez da hitzartutakoa betearazteko gai izan. Justiziarik gabeko egoera ez ezik legez kanpokoa ere bihurtu da, nazioarteko auzitegiak adierazi bezala.

Sahararrek soilik errespetatu dute bake akordioa, eurak dira gaur arte estrategia bakezalea defendatzen zuten bakarrak. Marokok 2.720 km baino luzeagoa den harresia eraikitzen jarraitu du, Israel, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia eta beste hainbat herrialderen kolaborazioari esker, harresi ingurua munduko eremurik minatuena bihurtuz. Marokok Saharako baliabide naturalen espoliazioaren legez kontrako negozioarekin jarraitu du, bere burua aberasten, eta Mendebalde Saharako lurraldean bizi diren sahararren giza eskubide eta eskubide zibilak erabat ezabatu ditu.

Azaroaren 13tik, marokoarren enegarren probokazioen ondorioz, Fronte Polisarioak ekintza militarrari bidea ematea erabaki du okupatutako lurraldea berreskuratzeko. 100 egunetik gora daramatzate Lotsaren Harresian dauden Marokoko kontrol postuak bonbardatzen, eta estrategia aldaketa horren erantzule bakarrak Maroko okupatzailea, herrialde kolaboratzaileak eta nazioarteko hainbat erakunderen eragingabetasuna eta konplizitatea dira.

Orain Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren jarrera tamalgarriarekin egiten dugu topo. Batetik, ezinbesteko deskolonizazio prozesua hastea planteatzen ez duelako eta bestetik Espainiak Mendebaldeko Saharan erantzukizun legal edo administratiborik ez duela defendatzen duelako. Honekin, nazioarteko legezkotasunaren aurka egiteaz gain, Marlasca bere Barne ministroarekin kontraesanean aurkitzen da, 2014ko Auzitegi Nazionalaren auto batean Espainiari bere betebehar kolonialak gogorarazi baitzizkion, baita saharar herritarren babesa ere.

Bukatzeko, gure babes eta elkartasun osoa eskaintzen diogu herri sahararri. Urte guzti hauetan errefuxiatu kanpalekuetan, muturreko baldintzetan biziraun duen eta gaur egun Fronte Polisarioa hornitzen duen biztanleria. Eta bereziki, okupatu eremuan bizi direnak, egunotan areagotutako errepresiopean, une oroko jipoiak, torturak, atxiloketak eta etxebizitzen erasoak jasoz. Zuen duintasuna eta jarrera irmoak, garaipenera eramango zaituzte.

Honi lotuta, larunbatean gonbidatuta zaudete Tolosako Triangulon 11:00etan egingo den kontzentraziora. Azaldu zure elkartasuna.

Agustin Agote. Tolosaldea Sahararekin GKE

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!